Bertso saioa 6. eta 3.endako !
Piarres Larzabal kolegioko 6.eta 3.eko ikasleek, euskara kurtsoetan bertsolaritza eta ahozkotasuna lantzeko helburuarekin, Bertsularien Lagunak elkartetik etorritako Josu Txoperena bertso irakaslearekin sei saio igaro dituzte.
Lanketa horri bukaera polit baten emateko asmoz, martxoaren 25ean, asteartez, bertso-saioa ukan genuen kolegioan, Maddi Ane Txoperena eta Irantzu Idoate bertsolari gazteen eskutik. Ikasleek kurtsoetan ikasitako doinu eta joko ezberdinak bat-batean gozatzeko parada paregabea ukan zuten.
Milesker Josu, Irantzu eta Maddi Ane !
Itsas Lizeoko aurkezpena 4.eko ikasleei !
Martxoaren 25an, asteartez, 4.eko ikasleei Itsas Lizeoaren aurkezpena proposatu zaie, IDZtan.
Orientaziorako gogoeta goiz hasi behar denez geroz, memento egokiena zen ondo-ondoan dugun lizeo horren berri ukaiteko, eta etorkizunari begira itsas munduaz interesatuak izan daitezkeenei aukera hori eskaintzeko.
Aurkezpena Joseba Davant irakasleak egin du. 30 bat urtez mariñel egon ondotik, orain Itsas lizeoan da irakasle eta ibilbide hori kondatu digu. Azaldu du itsas mundua zein zabala den eta nola gustu guziendako ofizioak aurkitzen ahal diren, nahiz ongi azpimarratu duen ofizio horietarik batzuk besteak baino zailagoak direla (arrantzalearena adibidez, eder bezain gogorra). Bideo argi baten laguntzaz Lizeoaren antolaketa, ikasle kopuru ttipia, formakuntza mota guzien aurkezpena eta horiendako eskaintzen den puntazko material osoa aipatu ditu… Eta bistan dena, formakuntzari esker irekitzen diren lanbide guziak, izan daitezen arrantzan, komertzioan, edozein motako itsasontzietan, lehorreko lan batean edota mekanikan.
Lizeoak hainbat ikasbide proposatzen ditu, laburrenetatik luzeenetara, egun bakar bateko ikastaroetatik pasatuz. Gure kolegioarekin partaidetzan, bisitak edo ikastaroak antolatzen ahalko dira 3.ean, interesatuak diren guziendako, mutil ala neska.
Apirileko nahiera egun goizez, lizeoaren bisita egiteko aukera ukango dute.
Bitartean, edozein xehetasunendako: http://lycee-
Milesker Lizeoko lankideari etortzeagatik !!
Matematikako astea iragan da gure kolegioan !!

Parekideak tailerrak Etxepare Lizeoko ikasleek animaturik !
Baionako Seaskako Bernat Etxepare lizeoan sortu den Parekideen taldeko 12 ikasle etorri ziren PLK-ko 67 hirugarreneko ikasleekin bi orduko saio baten animatzera, joan den martxoaren 18an, astearte goizez.
Hamabost ikasleko taldeak osaturik, elkar ezagutza eta talde dinamika bultzatzeko joko bat egin ondoren, bi tailer ezberdin eramanak izan dira.
Lehenak publizitateek gordetzen ahal dituzten mezuen inguruko trukaketa bat zuen helburu eta bigarrenak, egunerokoan entzun daitezken esaldi edo oharren inguruan debatea piztu norberarentzat "egokia" edo "ez egokia" den azalduz.
Tailer horiei esker hainbat gaien aipatzeko parada izan da : onespena, estereotipoak, jarrera eta bortizkeria sexistak, arrazakeria.
Gure kolegioko hirugarreneko ikasleen parte hartzea biziki dinamikoa eta baikorra izan da. Ebaluazio galdetegi bat banatua izango zaie aste honetan.
Mila esker Etxepare Lizeoko ikasle eta irakasleek osatzen duten Parekideak taldeari !!! Biba zuek !!
Kike Amonariz, euskararen osasun babeslea, gure kolegioan...
Martxoaren 24an, astelehenez, arratsaldeko 1:30tik 3:00ak arte, Ziburu, Donibane Lohizune, Urruña eta Hendaian ospatzen ari den Euskararen sentsibilizazio hamabostaldia kari, Kike Amonarrizen bisita izan genuen ikastegian; 3.eko eta 4.eko ikasle nahiantek parte hartu zuten mintzaldi honetan.
Mugaldeko egonaldia aipagai
Martxoaren 24ean, astelehenez, arratsaldeko 2:00etan, Urrunako Herriko Etxeko Euskara zerbitzuko Ione Josie kolegioko IDZtara etorri da 4. eta 3.eko ikasleekin mintzatzea, uda honetan antolatzen duten Mugaldeko egonaldiari buruzko xehetasunak emateko.
Udaleku honetan 2010-2011 urteetan sortu gaztetxoek parte hartzen ahal dute, eta lehentasuna izanen dute Bortzirietan, Oiartzunen, Saran edota Urruñan erroldatuak direnak. Horrez gain, beharrezkoa da euskaraz jakitea.
Udalekua Urruñan hasiko da, uztailaren 14an, goizeko 10:00etan. Egunez egun Oiartzunera arteko ibilbidea osatuko dute, herriz herri jarduera ezberdinak eginez. Uztailaren 20ko eguerdian bukatuko da udalekua, Oiartzunen.
Izenak online egingo dira eta horretarako epea zabalik da, apirilaren 6a arte. Toki kopuru mugatua izanen da eta gehienez ere 40 gaztek partzen ahalko dute. Udalekuaren prezioa 150 eurokoa da. Familiek apirilean jakinen dute izen ematea onartua izan den. Antolatzailea haiekin harremanetan sartuko da ordainketa bideratzeko eta behar den dokumentazioa galdetzeko. Udalekua aitzinera ateratzeko gutienez 15 izen emate beharko dira.
Jarduera honen xede nagusia muga administratiboak gainditzea da, eta helburu zehatzak honakoak dira:
- Iparraldeko eta hegoaldeko gazteen arteko harremanak eraiki eta sendotzea.
- Euskara eta euskalkiak ezagutu eta praktikatzea.
- Parte hartzea bultzatzea.
- Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzea natura, kultura eta kirola ardatz hartuz.
Udalekuaren antolatzailea Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea da eta erakunde horien babesa du: Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Oiartzungo Udala, Sarako Herriko Etxea, Urruñako Herriko Etxea. Euroeskualdeak diruz lagundutako jarduera da.
Informazio zehatza eta izen ematea: https://komunikazioak.
Milesker Ione hainbat azalpenak emateagatik !
Kolegioaren aldeko kantaldia !!
Martxoaren 16an, igandez, iragan da Urruñako ikastola eta gure kolegioaren aldeko kantaldia, Zokoako polikiroldegian.
Lehen parte batean, Urruñako haurrek abestu eta, gure kolegioko gazteek segitu dute hizkuntz desberdinetako "medley" kantu nahasketa batekin : euskaraz, frantsesez, espanolez, ingelesez eta portugesez baita ere ! Milesker Arnaud eta Thomas-ri teklatuan eta gitarran laguntzeagatik !
Bigarren partean, Xabaltx kantaria eta ondotik Foisis taldea entzuteko parada ukan genuen.
Eskertzekoak dira, urtero laguntzen gaituzten enpresak eta artisauak, horiek gabe ez liteke horrelako ekitaldia antolatzen ahal ! Kondutan hartuz azken urte hauek ez direla hain errex izan haiendako gainera ! Beraz milesker ainitz zuei !
Bestalde, laugarreneko ikasleak hor ziren ere bai pastizak saltzeko haien urte bukaerako bidaiaren alde. Txalo parte hartzaileei !
Bukatzeko, jendea elkartu da aterpearen azpian taloak eta fritak jateko, baso bat eskuetan, Kuxkuxtu txarangaren musika erritmoan !
Txalo bero bat ikasleei, burasoei, antolatzaileei, lan egin dutenei, zponzorrei eta etorri diren guztiei ! Milesker Xabaltx eta Foisis taldeei !
Ez ahantz "Goierri, Urruña eta Ziburuko ikastolak bat eginik" !
Kolegio guztia zinemara #2
Martxoaren 13an, ostegun goizez, kolegio guztia Donibaneko Le Sélect zinemara joan da bi filmen deskubritzera :
Alde batetik, lehen ordutik abiatu eta, 6. eta 5.eko ikasleek 1958an Jacques Tatik egindako "Mon Oncle" komediazko filma ikusi dute.
Sinopsia : "Gerard txikiak, Hulot jauna osabarekin denbora pasatzea gustukoa du ; Hulot pertsonaia ameslari eta bohemioa delarik, eta Pariseko aldirietako auzo ezagun eta alaian bizi delarik. Alta, Arpel jaun-andreak, bere burasoak, hiribildu moderno eta luxuzkoan bizi dira, bizimodu monotonoa dutelarik. Egun batean, bere osabarekin egindako enegarren bidaia batetik itzultzen delarik Gerard, Arpel jaunak semea Hulot jaunarengandik urruntzea erabakitzen du. Plastikozko fabrikan lan bat aurkitu nahi dio, eta emazteak, berriz, hitzordu galant bat antolatu dio bizilagunetako batekin..."
Zineman ongi irri egin ondoren, goizeko azken kurtsora joan dira.
Bestalde, bigarren ordutik abiatuz, 4. eta 3.eko ikasleek 2016an atera zen Solveig Anspach eta Jean Luc Gaget-ren "L'effet aquatique" komedia-dramatiko filma ikusi dute.
Sinopsia : "Samir, berrogeialdia irentsita, Montreuilgo kutixatzailea, Agathen zerraldo erori da. Maurice Thorez igerilekuko igerilaria denez, igeriketa eskolak hartzea erabaki du harengana hurbiltzeko, igerian ongi dakielarik, ordea. Baina bere gezurrak ez ditu hiru sesio betetzen - Agathek gorroto ditu gezurtiak ! Seine Saint Denis orezkatzeko aukeratu dute Agathe, eta Islandiara joan da hegan. Han egiten da Maisuen Igerilarien Nazioarteko X.garren Biltzarra. Maitasun-hozkadak behartu egin du, beraz Samirrek beste aukerarik ez du : hegan egitea..."
Filma ondotik, ikasleek haien kurtsoetara joan dira.
Milesker Le Select zinemako ekipa guztiari !
"Aldaketa klimatikoa" laugarrenen proiektua !
"Aldaketa klimatikoaren" proiektua abiatu zen Seaskako lau kolegioetako fisika irakasleengandik ; laugarren mailako ikasleak gai horren inguruan lan araztea zen asmoa, gaur egungo ingurugiro arazoen larritasunari begira.
Tematika horren inguruko lanketa ikastetxeka ezberdinki landu arren, lau kolegioen arteko ardatz komun gisa hartzea erabaki zen, eta Piarres Larzabal kolegioan, drive dokumentuak erabiliz taldekako joan jineko lan bat bezala landua izan da 4. mailan fisikan, bainan baita ere beste hainbat gaietan (biologia, ingelesa, historia, española, euskara...). Ikerketa lan horrekin, aurkezpen dokumentu bat sortu dute ikasleek, ondotik ahozko batean aurkeztua izateko xedearekin (Brebetari begira, entrenamendu gisa).
Ikasturte osoan zehar, 4. mailako gure ikasleek MEEK, Kattalin Elizalde eta Eztitxu Robles-eko ikasleekin harremanetan izan dira :
Lehen trukaketa birtuala izan zen abenduaren 10ean, ikastetxe bakoitzetik 3-ko taldeak osatuz, nortasun agiri amankomun moduko bat sortzea zen helburu, ikastetxeen arteko argazkiak partekatuz, izenak, herriak, gustuak...
Bigarren trukaketa : "Egunean behin" jokoa aldaketa klimatikoaren inguruko galderekin egokiturik, lau kolegioen artean osaturiko taldeekin jostatu ziren ikasleak. Hau ere, drive sistema bidez, iragan martxoaren 11ean izan zen.
Azkenik, ikasturte bukaeran maiatzaren 20ean, topaketa bat eginen dugu Baionan lau ikastetxeen artean : erakusketa, tailer, mintzaldiak antolatuko dituzte elkarte ezberdinek (Bizi, Bil ta Garbi, Enargia, Surfrider, Waterfamily, Burubeltza, EHLG...), urtean zehar osatutako kolegioen arteko taldeekin.
Aurten berrikuntza izanen da, Kanaldudek mahain iguru bat filmatuko duela gure ikasleek antolaturik.
Orain artekoan, ikasleak ongi lotu dira proiektuari, batez ere beste kolegioekin topatzeko garaian. Baionako trukaketarentzat, gogoa erakusten dute, beste ikasleekin hartu emana izateko.
Donibane Lohizuneko Ramiro Arrue Lizeoan bisitan !
