Inprimatu

"Aurten Brebeta Euskaraz lortu dugu !!"

Hau da, joan den ostiralean, uztailaren 10ean, Seaskako 3.eko ikasle irrifartsuek esaten zutena ! Egia !

Aurten, egoera dela eta, ez dute azterketarik pasa ; zeharkako gaitasunak eta urteko notak dira kontutan hartuak izan, azterketan aurkeztu beharko ziren gaietan.

Denok gogoratzen ditugu azken urteetako borrokak, Frantses Hezkunde Nazionalak ez bait onartzen zientziak euskaraz pasa ditzaten. Inork ez du ahantzi nola erasotuak izan ziren ikasle gazte euskaldunak azken urteetan, azterketak euskaraz pasatzeagatik, heien kopiak bahituak izan zirelarik eta buruan buru, frantses zuzentzaile batzuen eskuetan utziak... Bistan da, ez zituzten ondorioz lortu espero zituzten notak ! Biziki emaitza apalak izan ziren, zuzentzaileek ez baitzuten tutik ulertzen eta zenbakiak soilik begiratu baitzituzten !

Baina.... aurten.... irabazi dugu ! Zientzien emaitzak, urte guzian euskaraz egindako ebaluaketa horien emaitzak onartu dituzte ! Eta behingotz Seaskako 3.eko ikasleek merezi duten emaitza lortu dute !

Badakigu segurki ere hau gertatu dela, Parisen inork ez baitu pentsatu nota horiek onartuz, kontra esan batean eroriko zela Hezkunde Nazionala.....

Baina auskalo ! Agian horrek zerbait adlatuko du datozen belaunaldientzat ?

Eta ez bada hala, borrokatzen segituko dugu eta BREBETA EUSKARAZ aldarikatzen aurre eginen dugu amore eman gabe.

Baina aurten, Brebeta euskaraz LORTU DUGU !!!!!

 

Edurne Manterola, Piarres Larzabal kolegioko zuzendaria

Mañolo Espellet, Eztitxu Robles kolegioko zuzendaria

Eñaut Elosegi, Xalbador kolegioko zuzendaria

Celine Tourreuil, Manex Erdozaintzi kolegioko zuzendaria

Iban Tikoipe Etxepare lizeoko zuzendaria