Joan den ekainaren 5an, ostegunez, gure kolegioko 3.eko ikasleek Errobi musika talde mitikoko bi kantarien bisita ukan dute: Anje Duhalde eta Mixel Ducau.
Duela 50 urte pasa, bikote hark zuen euskal rocka sortu, eta ondotik ezagutu ditugun talde hoberenak ildo horretan segitu zuten. Azken hilabete hauetan, Errobi Euskal Herrian gaindi ibilki da kontzertuz kontzertu, iraganeko izpiritura itzuliz. Parada ezin hobea zen kolegioan euskal kantu garaikidearen historiarekin batean taldearena ere lantzeko.
Euskara, musika, IDZ eta animazioko irakasleek bideraturik, ikasleak mundu horretan murgildu dira, Errobiren kantu batzuk landuz, Daniel Landarten hitzak aztertuz, gaurko aktualitatearekilako loturak eginez, eta edukin horrekin kantariendako galderak sortuz.
Errobiren bisitaren egunean, elkarrizketa musikala ezin hobe iragan da, ikasleek galderak egin eta Anje eta Mixelek erantzun! Tarteka bi pausa txiki egin dira bi kantariek “Perttoli” eta “Gure lekukotasuna” kantu enblematikoak zuzenean emateko. Bukaeran, ikasleek klasean sorpresa bat antolatu zuten “Lantegiko 10 manamenduak” kantuaren hitzak “Kolegioko 10 manamenduak” modura desbideratuz. Loriaturik, Anjek eta Mixelek gitarraz lagundu dituzte.
Oren pare horretatik ikasleek zer atxikiko duten? Geroak erranen. Baina euskal kantuaren inguruko proiektu pedagogiko polit batetaz gain, eragile kultural historiko batzuekin topatzeko aukera pare gabea eskaini zaie, eta horregatik beste behin ere Anje eta Mixel eskertzen ditugu bihotzetik.