Inprimatu

Ekainaren 19an eta 20an, kolegioko 5. mailako ikasleak Nafarroara joan ziren bi eguneko egonaldira.
Goizeko 9:00etan kolegiotik abiatu, eta 11:00ak aldera Leireko monasterioa bisitatu zuten; bertan bazkaldu zuten ere. Arratsaldean, 14:00etatik aurrera, Erriberri ezagutu zuten Karlos III.a Noblearen jauregia bisitatuz eta joko-pista baten bidez hiria deskubrituz. Alde Zaharreko karriketan barna ibili ziren, eta Andra Mari elizako tinpanoa aztertu zuten, joko-pistak proposatutako erronkei esker.
Ondoren, Erriberritik Mendigorriako Errota kanpalekura joan ziren. Han, bero handitik ihesi, igerilekuan freskatzeko aukera izan zuten, baita lagunen artean errugbian, futbolean eta tenisean aritzeko ere.
Biharamunean, Jondoni Jakobeko Bidea izan zen eguneko ardatza. Gosaldu ondoren, Eunateko eliza bisitatu zuten, eta handik Garesera joan ziren. Erromesen oroitarritik abiaturik, hirian sartu eta hura zeharkatu zuten oinez, zubi ospetsuraino iritsi arte.
Garesko zubi erromanikoaren ondoan piknika egin ondoren, Nafarroari agur esan eta Ziburura itzuli ziren, bi egun ederrez gozatu izanaren pozarekin.