Piarres Larzabal Kolegioa

 

SACoche - Sésamath

EasyScol

Seaska

Ikastolen Elkartea


Herri Urrats

 

Urtarrilaren 25ean, IEP egituran diren bi ikaslerekin bat abiatu gara Zokoako Paries Etxearen barneak ezagutzera.

Bertan, gure kolegioko ikasle ohia den Xan Billiottek harrera egin digu eta dendaren atzekaldea sakon erakutsi digu.

Pastizak, txokolateak, tartak… nola egiten diren eta ze prozesua duen ikusi izan ahal dugu ; gainera, talde lanean eta makinak nola funzionatzen duten ikusteko aukera izan dugu ere eta noski, dastaketak egin ditugu bertako produktuak eta dendaratuko diren errezeta berrituko kurasanak eta txokolateak baita ere.

Oso esperientzia baliogarria izan da lanbide ezberdinak ezagutzeko eta prozesu guztiaren lana gertutik ikusteko, nork daki eta gure IEPeko ikasleren batek bertan egingo dituen etorkizunean bere lanbide ibilbideko lehen pausuak.

Euskaraz Bizik bigarren aldiz antolaturiko Euskarazko rap ikastaroan parte hartu dugu kolegioko hirugarreneko zortzi ikasleek.

Batzuk lehen aldia genuen eta beste batzuk bigarrena. Ikastaro honen irakaslea Odei Barroso bertsolari eta raperoa izan da.

Bost saio egin genituen berarekin azaroa eta abendua bitarte, astean behin, eguerdiko aire hartzean. Saio horietan raparen historia ezagutu eta gero, gai amankomun bat hautatu genuen eta, ondotik, bakoitzak bere kopla idatzi zuen. Azkenik, urtarrilaren 24an, asteazkenez, Alkimia produkzioak grabaketa estudiora joan ginen zortzi koplaz osaturiko rap kantua grabatzeko.

Oso esperientzia ona izan zen estudio batean sartzea eta kantuen grabaketarako beharrezkoak diren baldintza eta ekipamendu guztia bertatik ezagutzea.

Orain kantuaren masterizazioa egitea falta da Odei Barrosoren eskutik. Ea gustoko izango duzuen gure aurtengo "Gatazkak" kantua.

Mila esker Odei Barrosori eta Euskaraz Biziri.

Urtarrilaren 9 eta 23an, eskolako jazarpena gaia aipatua izan da bostgarreneko ikasleekin talde erdiz Adoenia egiturarekin.

Zehaztea, ulertzea eta prebenitzea izan dira esku-hartzearen helburuak.

Zer pisu du taldeak nerabezaroan ?

Nola bilakatzen ahal litzateke jazarle baten posizioan...

Ikasleek interes handiz segitu dute eta aktiboki parte hartu dute.

Milesker Adoenia. Milesker Cédric.

Urtarrilaren 21eko gauean, inguruan ditugun lehen mailetako 50 buraso batzuk elkartu dira kolegioan. 

Irailan 6.eko burasoak izango direnei harrera hitza eman die Eneko Irigoyen Zuzendariak.

Ondotik, aurten 6.eko irakasle arduradunak diren Mathilde, Myriam eta Nicolek dute aurkezpen orokorra animatu : lehen mailatik diren aldaketak, egun baten antolaketa, otobusa eta jantegiko berezitasunak, eskolako materiala, antolatuak diren ateraldi eta ekintzak.... Bestalde, Oihana Garay gaztelera irakasleak lehen hizkuntzaren hautaketarako aholkuak eman ditu.... Hezkuntza aholkularia den Elena Dufauk telefono eta sare sozialei buruzko egoera aurkeztu du... Eta animatzailea den Maritxuk eguerdiko tailer eta aktibitateen berriak....

Ondotik, burasoen galderei erantzun dute. Betiko kezkak agertu dira : nola eginak diren ikasgelak, telefonoaren beharra edo ez, otobusen antolaketa eta izen emaitea... etabar..

Bukatzeko, nahi zutenendako, kolegioko gela batzuen bisita proposatua izan zaie.

Mintzaldi guztia euskaraz eramana izan da, Elenak egindako bat-bateko itzulpenari esker.

Gaualdi biziki sanoa eta atsegina izan da. Lasaituagoak senditu dira burasoak.

Urtarrilaren 21ean, igande arratsaldez, eguraldi goxoarekin, kolegioko ikasleak elkartu dira pilota plazan den aterpe azpian, besta komiteak antolatu duen fandango txapelketan parte hartzeko ! Hiru kategoriak antolatuak ziren : 12 urtepekoak, 13-17 urtekoen artekoak eta helduak.

Ikasleendako desafioa gaindituz gain, batzuk sariztatuak izan dira !

LEHEN KATEGORIAN :

3. saria : Texa Biscay Aguerre - Milia Kaushik Etcheverria

2. saria : Joanes Etcheverry Harriet eta Romane Abadie

1. saria : Elaia Biscay Echegaray eta Saioa Mondela

BIGARREN KATEGORIAN :

2. saria : Irene Savatier - Oneka Arambarri Fernandez

Zorionak gure ikasle guztiei eta kolegioko ikasle ohiei ere bai !

Milesker Begiraleak txarangari eta Ziburuko besta komiteari !

Urtarrilaren 20an, larunbatez, 3. eta 4.eko ikasleekin Ski ateraldia burutu zuen kolegioko Olagarroa kirol elkarteak, Gouretten.

Goiz esnatu behar izan zuten denek, baina egunak merezi izan zuen, argitu ahala ikusi zuten egun bikaina zutela aurretik.

Goizeko 6:00tan abiatuz, 9:00ak aldera mendi txurietara iritsi ziren. Bertan taldeetan ezarri, materiala hartu eta pistetara! Eguerditan pausa bat egin zuten elgarrekin piknikatzeko eta berriz pistetara, arratsaldeko 15:30ak arte gutti gora behera. Arratseko 19:00ak inguru, etxeetara sartu ziren.

Nahi beste elur ez bazen ere, eguraldia lagun izanik, gozatu ederra hartu zuten parte hartzaile guztiek : 49 ikasle eta 7 heldu, haien mailaren arabera, talde ttipitan banaturik.

Gozatu ederra hartu zuten!!

Mila esker ateraldian parte hartu duten ikasle guztiei eta nola ez, ateraldia egin dadin laguntza eman duten langile eta laguntzaile guztiei !

Aupa Piarres Larzabal kolegioko eskiatzaileak !

Urtero bezala, urtarrilaren 15eko astean, inguruan ditugun lehen mailetako ikasle berrien bisitak antolatuak izan dira : Urruña, Donibane Lohizune, Ziburu, Hendaia, Biriatu, Bidarte ikastoletako 5. urtekoak errezibitu ditugu, baita ere Erlaitza eskolatik :

Urtarrilaren 15an : Hendaia eta Biriatuko lehen mailakoen bisitak

Urtarrilaren 16an : Ziburuko ikastola eta Eralitza eskolako ikasleen bisita

Urtarrilaren 18an : Bidarte eta Donibaneko lehen mailakoen bisita

Urtarrilaren 19an : Urruñako lehen mailakoen bisita.

Lehenik, kolegioa aurkezteko filma bat begiratu dute. Ondotik, Hezkuntza Aholkularia den Elena Dufaurekin batera, laborategiak, jantegia, kirol gela, eta bulego desberdinetatik pasatuz, kolegioko bisita egin dute.

Azkenik, eskainia izan zaien liburuxka ttipi bati esker, haien galderak eta kezkei erantzun die.

Urtarrilaren 23an, astearte gauez, burasoei ere proposatua zaie kolegioko bisita eta bilkuran parte hartzea.

Ikasturte hori ongi bukatzea eta motibaturik etortzea opatzen diegu !

Duela bi aste, ikasleak elkartzen dira eguerdiko jolas garaietan fandangoa trebatzeko !

Aurten, seigarren / bosgarreneko ikasleetatik 7 ekipa motibatu dira heldu den igandeko fandango konkurtsoan parte hartzeko eta haien artean, 4 ekipak desafiatu dira ikasteko !

Saio horietan, 4 urratsak berrikusi edota ikasi dituzte, transizioak, postura, besoen altxatzea, teknika sakondu dute azkarki bikoteka !

Giro onean eta motibaturik agertu dira kolegioko gazteak ! Txalo bero bat haiei eta xantza on ! 

Hitzordua : urtarrilaren 21ean, igandez, Ziburuko pilota plazan, arratsaldeko 5:00tan !!

Piarres Larzabal kolegioko 6.eta 3.eko ikasleek euskara kurtsoetan bertsolaritza landu dute eta aldi berean, Bertsularien Lagunak elkartetik etorritako Irati Alcantarilla bertso irakaslearekin sei saio igaro dituzte gai honetan trebatzen.

Lanketa horri bukaera polit bat emateko asmoz, urtarrilaren 10ean, asteazkenarekin, bertso-saioa ukan genuen kolegioan, Maddi Ane Txoperena eta Haira Aizpurua bertsolari eta ikasle ohien eskutik. Ikasleek kurtsoetan ikasitako doinu eta joko ezberdinak bat-batean gozatzeko parada paregabea ukan zuten.

Milesker Irati, Haira eta Maddi Ane !

Urtarrilaren 8an, astelehenez, kolegioko ekipak bigarren pedagogia eguna zuen bitartean, UDPS64 elkarteari esker, PSC1 lehen sorrospenetako formakuntza eskainia izan zaie hirugarreneko ikasle guztiei. 

Talde handian, euskarazko teoria entzun dute eta talde ttipitan banaturik, pratika ariketak landu dituzte.

Gai desberdinak aipatuak izan zaizkie : biktimaren babesa, urjentziazko telefono zenbakiak, nola segurtatu telefono dei baten informazio guztiak, itotzearen egoera, hemorragiarena, PLS postura, bihotz masajea, defebrilatorearen tresnaren erabilpena eta beste !

Ikasleak adi egon dira, biziki informazio hartzaile, biziki baikor eta parte hartzaile ! Txalo !

Milesker UDPS64 elkarteko kideei formakuntza horren emateagatik.