Urtero bezala, kolegioko ekipa pedagogikoak urte hastapeneko egonaldi bat proposatu kolegioko 97 seigarreneko ikasleei. Hiru egunez, Orioko Txurruka aterpean egon dira euskarazko giro batean murgildurik, elkar hobeki ezagutzeko helburua hartuz, ikastola desberdinetatik heldu baitira (Sara, Senpere, Azkaine, Bidarte, hendaia, Urruña...).
Urriaren 7an, astelehenez, txirrina jotzean, maletak elkartuz, deia egin ondoren, seigarreneko ikasleek Orioko bidea hartu dute. Orioko Txurruka aterpera sartu eta logelaka instalatu dira haien lagun berriekin, kirol eremu zabalean jokoetan aritu, eta bertan antolatutako elkar bizitza jokoetan parte hartu dute : xifumi lasterketa, ping pong, petanka - molky, marrazk'ipuin-gizotso, base futbola... Eguerdiko piknika partekatu ondoren, teniza pare on bat ezarri dute Orioko hirira oinez joateko. Portuaren bazterrean, talde ttipitan ezarri dira argazki ibilaldi baten egiteko eta bertako mounmentuak eta pertsona famatuen ezagutzeko : Jorge Oteiza, Benito Lertxundi, Endaia etxea, Orioko arraun klubaren logoa... Ondotik aterpera itzuli dira denbora librean jolastatzeko, dutxa hartzeko, gaubeila prestatzeko eta afaltzeko.
Biharramunean, urriaren 8an, asteartez, ongi gosaldu, teniza pare on bat ezarri eta, Oriotik Zarauzera oinez joan dira hondartzara iristeko. Bertan, talde ttipitan banaturik, "Zarauz'express" jokoa egin dute : mapa bati esker, orientazioa landu monumentu desberdinak aurkitu eta izendatu dituzte. Ibilaldi honen ondotik, elgarrekin piknika erraldoi bat partikatu dute. Arratsaldez, geltokira joan dira Eusko tren topoa hartzeko eta Oriora itzultzeko... Hau desafioa ! Gehiengo batek lehen aldikotz bere txartela konpostatu du eta treina hartu du ! Egun hori fisikoa izanki, aterpera itzuli dira jolastatzeko, pausatzeko, dutxa hartzeko, afaltzeko eta gaubeila antolatzeko.
Urriaren 9an, asteazken goizean, materiala bildu eta, Zestoako bidea hartu dute, bi taldeetan banatuak izan dira bi aktibitate desberdinetan aritzeko : Alde batetik, Erdi Aroko Lili jauregiaren bisita egin dute ANdere Madalenari esker. Antzerkitxo baten moduan aurkezturik, "zerbitzari berriak" deitutako ikasleak gelaz gela ibili dira bere familiako istorioa entzunez. Gaztelu honen inguruan den erreka eta oihanaren bazterrean, ingurumen paisaia aztertzeko eta hosto desberdinak aurkitzeko parada ukan dute talde ttipika, urratsez urrats ibiliz.... Bestalde, Ekainberri leizeetara hurbilduz, bertako tailer gelara sartu dira batzuk, garai hartako margolaritza edota sua nola egiten den ikasteko eta ehiztari ttipiak bilakatuz, arkuaren erabilpena eta lantza botatzearen ariketa eginez. Azkenik, leizeetako arroketan agertzen diren margoak, bereziki zaldiak, hurbiletik aztertu dituzte.
Egonaldi guztian, oroitzapen liburuxka bat betetzen aritu izan dira. Arratsaldeko 4ak alde, kolegiora iritsi dira. Bukatzeko, gure ikasleek ikasturte hastapen honetan, harreman biziki azkarrak lortu dituztela egonaldi honi esker ondoriozta dezakegu, motibagarriak ziren aktibitate eta amorratuak ziren animatzaile guziei esker. Esker bereziak ematen dizkiogu Anne-Marie, gure erizain lanpetua eta gisakoari !!