Kasu kasu ! Seaska kexu !
Seaskaren funtzionamendua arriskuan ezarri du Frantziako Hezkunde ministerioak. Datorren ikasturtean, 2. mailan bakarrik, hiru gela gehiago behar genituzke, baina orain arteko negoziaketek ez dute deus eman. Ez baditugu bitartekoak lortzen, gure irakaskuntza sistema osoa zalantzan ezarria izanen da.
Hori ikusirik, gaur, maiatzaren 23an Seaskak mobilizazio handi bat antolatzen du Baionan.
Arratsaldez ikastola guziak hetsiko dira eta Seaskako ikasle eta langile guziak -eta ahalik eta buraso gehien- Baionan elkartuko gara. 3 500 ikasle, eta bederen beste hainbeste buraso mobilizatzen bagara, indar erakustaldi ederra izanen da! Egun hartan haurren irakaskuntza baldintzak hobetzea xede duen ekitaldira etortzea eskertuko da.
Ziburuko Piarres Larzabalekoak parte hartzaileak izateko, eguerdiro eta gela batzuetan ikasleak prestatu dira ahal bezain ongi danborrada erritmoa eta kantua lantzeko.
Gaur arratsaldean hitzordua ematen dizuegu gure olatu urdinarekin batera egoera horren salatzeko eta aldarrikatzeko ! Danborra eta ahotsak prest izan ! Gero arte !
Kolegioko mus txapelketa ...
Martxo bukaeratik, kolegioko mus txapelketa abiatu da.
Astearte eta ostiral guziz, eguerdiko pausa denboran, maila guztietako ikasleak elkartzen dira animazio gelan, haien multzoetako partidak jokatzeko.Bi lehiaketa antolatuak dira : bat 6./5.endako eta bestea 4./3.endako.
Legedia kondutan hartuz, ahal bezain ttanttoak irabaztea saiatzen dira, euskara hizkuntza zainduz (bertzenaz ttanttoak galtzen dituzte) eta lagunen artean mementu goxo bat partekatuz.
Sei / bosgarreneko zerrendan 7 ekipa lehiatzen direlarik, lau / hirugarreneko zerrendan, 15 ekipa badira, kolegioko heldu batzuk barne !
Garai honetan, oporrak eta danborrada prestakuntza lehentasunez baitira, lehiaketa pausan da baina heldu den astetik landa, kalifikazio garaia hasiko da...
Xantza on deneri !!!
Aldaketa klimatikoa eguna Baionan !
“Aldaketa klimatikoaren” proiektua, abiatu zen Seaskako 4 kolegioetako fisika eta zientzia erakasleengandik: 4. mailako ikasleak gai horren inguruan lan araztea zen asmoa, gaur egunko ingurugiro arazoen larritasunari begira.
Tematika horren inguruko lanketa ikastetxeka ezberdinki landu arren, 4 kolegioen arteko ardatz komun gisa hartzea erabaki zen. Eta PLK kolegioan, drive dokumentuak erabiliz taldekako joan jineko lan bat bezala landua izan da 4. mailan fisikan , bainan baita ere beste hainbat gaietan (biologia, ingelesa, historia, española, euskara…). Ikerketa lan horrekin, aurkezpen dokumentu bat sortu dute ikasleek, ondotik ahozko batean aurkeztua izateko xedearekin (Brebetari begira, entrenamendu gisa). Bestalde, aurten zientzia azokan ari diren gure 25 ikasleak ere Aldaketa klimatikoaren lemapean aritu dira lanean
Ikasturte osoan zehar, 4. mailako seaskako gure ikasleak harremanetan izan dira:
Lehen trukaketa birtuala izan zen abenduaren 10 ean, nortasun agiri amankomun moduko bat sortzea zen helburu drive dokumentu partekatu batean.
Bigarren trukaketa: “Egunean behin” jokoa aldaketa klimatikoaren inguruko galderekin egokiturik, 4 kolegioen artean osaturiko taldeekin jostatu ziren ikasleak. Hau ere, drive sistema bidez, iragan martxoaren 11an izan zen.
Hirugarren trukaketa, pasa den maiatzaren 13 an iragan behar zena, ezeztatua izan da greba eguna suertatu baita: asmoa, bideo dei baten bidez elkar ikusi eta trukatzea zen.
Azkenik, maiatzaren 20an, Baionan lau 4 ikastetxeen arteko topaketa: erakusketa, tailer, mintzaldiak antolatu dituzte elkarte ezberdinek (Bil ta garbi, Enargia, Itsas arima, Laborantza ganbara, I-ener, Kanaldude, Enargia…), urtean zehar osatutako kolegioen arteko taldeekin. Aurten lehen aldiz, gure ikasleek ere zientzia azokako tailerra animatu dute, beste ikasle guzien aitzinean, esperientzia ederra izan da!
Egun polita izan zen, tailerretan ikasleek parte hartu ondotik, elkarrekin piknikatu eta azkenik aldaketa klimatikoaren inguruko mahain inguru bat grabatu zuten kanaldudekoek, gure ikasle batzu animatzaile eta teknikari lanetan harturik.
Egun hori arrakastatsua izanki, ondoko ikasturtean agian errepikatzekoa izanen dena!
Antzerkia "in English" 5., 4. eta 3.endako !
Maiatzaren 16an, ostiralez, "Ma langue au chat" konpainiako hiru ingeles antzezlari harrera egiteko plazerra ukan du Piarres Larzabal kolegioak.
Bosgarren, laugarren eta hirugarreneko ikasle guztiek eguneroko bizitzako gaiak osoki ingelesez landu dituzte aktoreek proposaturiko tailerretan parte hartuz.
Murgiltze dibertigarri baina zorrotza, ikasleei bi ordu pasatuz ingelesez trukatzeko parada eman diena. Aktoreek haien gogo eta indar biziari esker ikasleak guztiz haienganatzen jakin dute.
Iaz bezala aurten ere gure ikasleak liluratu dituen esperientzia aberasgarria izan da eta ziur, datorren urtean ere errepikatuko dena.
Thanks / milesker Georginari, Liviri eta Euauri !
Josketa tailerra eskulanetan !!
Azken hilabete honetan, eguerdiko pausan antolatuak diren eskulanetan parte hartzen duten ikasleek, josten ikasi dute.
Bakoitzak bere luma zorroa josi du.
Patroia sortu ondoren, etxetik ekarritako oihal ezberdinak erabiliz, josketan lehen urratsak eman dituzte.
Bakoitzak bere irudimena erabiliz, apaingarri ezberdinak erabili dituzte: zintak, botoinak, hariz eginiko laxoak, jositako letrak...
Jadanik beraien lehen josketa lana burutu dute.
Orain, beharrezko jakitateak badituzte, beraien kabuz beste lanak burutzeko.
Pegatinak ! Pegatinak ! Elkarrekin !
Maiatzaren 11an iragan den Herri Urratsen, pegatinak saltzeko motibatu dira kolegioko 79 ikasle !!!! Bikain !
Goizeko 9:30 eta 13:30ak artean, pegatinak eta kutxak eskuetan jaso eta, lakuaren itzulia egin dute lagunen artean, haiek finkatutako kuadrila eta ordutegia errespetatuz, jendeari pegatinak proposatuz eta diru kutxak betetzen saiatuz.
Maila guztietako ikasleek parte hartu dute, giro onean, motibaturik eta lagunen artean elkartuz !
Txalo bero bat zinez ikasle guzti horiei eta Nicole, Iker eta Maritxu laguntzaileei !
Herri Urrats aitzin jostatuz !
Maiatzaren 5eko astean, goizeko jolas garaian eta eguerditan, kolegioko ikasleek mikroaren aitzinean ukan dute hitzordua !!
Aurten eta beste urteetako Herri Urratseko abestien inguruan, hainbat galderei erantzun dute eta parte hartu baikorki.
Gainera erantzun onak emanak izan badira, aurten eta beste urteetako KDa irabazi dituzte baita ere bixkotxak tripa gozatzeko !
Egunero, karaokearen bitartez ere, euskaraz gozatzeko parada kantuz !
Laster Herri Urrats : Maiatzaren 11an, igandez dugu hitzordua, bertan kantatzeko, jolasteko, dantzatzeko, jan eta edateko eta noski Herri Urrats / Seaska laguntzeko !
Zuen gain kondatzen dugu !
Udaberri besta mozorrotua !
Apirilaren 18an, ostiralez, goizeko nahiera goiza eta piknika ondotik, ikasleak mozorrotu dira arratsaldeko ekitaldia aitzin, gaia "Filmak, marrazki bizidunak eta sailak" errespetatuz.
Udaberri garaia izanez, eguzki izpien artean, ikasleek ospatu dute Udaberri besta mozorrotua Euskal Herriko jokoen bitartez !
Kanpoko eremua besta herrikoiaz bilakatu delarik, ikasle guztiak gelaka bildu dira haien arduradunekin batera, jokoka edota desafioka ibiltzeko arratsaldean zehar.
Futbol eremuan, arto bilketa / zaku lasterketa / kontrabandisten lasterketa instalatua izan zaie, hamarnakako ekipek haien artean lehiatzeko arratsaldean zehar... Abiadura gunea izan da... Alde batetik, artasoroko lerroak oroitarazten dituen ibilbide batean, kukula kentzeko jestuak errepikatuz ahal bezain fite laster egin dute, etagaria edo kafea biltzeko baliatzen ziren jutezko zakuetan sarturik, ibilbide bat jauzika eginez ; bestalde, kontrabandistek, garaian, harrapatuak ez izateko agertzen zuten finezia eta abiadura oroitzeko, zakua bizkarrean oztopoz beteriko ibilbidea egin dute.
Kolegioko atekatik hurbil, harpana jokoa edota zerra jokoa antolatua zen.... Ikasleak binaka eta txandaka saiatu dira egur xerrak mozten animatzailearen aholku eta laguntzarekin batera.... Koordinaketa gunea izan da.... Motozerra jin aitzin egurgileek oihanean egiten zuten bezala, Arpana zerra luzearen bidez egurra mozteko egina da.
Belarrezko eremuan, lasto fardoa ahal bezain gora altxatzeko aukera ukan dute, ekipaka baina bakarka arituz.... Indar gunea izan da... Baserriko ganerrean lastoa biltzeko egiten zen bezala, besoen indarrez zaku bat altxatu dute.
Aterpe azpian toka jokoa instalatua izan zaie, gelaka desafiatzeko burdina hunkituz eta egurrezko kutxan txanponak sartuz, Gipuzkoan sagarno kupelen inguruan sortzen ziren desafioen gisan... Zehaztasun gunea izan da...
Jokoz joko ibiltzen zirelarik, sustengu oihuak eta txaloak entzun dira kanpoko, eremua guztian baita ere, musika, haiek hautatutako euskal kantu "playslita" osaturik.
Herri kirol desafio arratsaldea bukatu aitzin, kolegioko ikasle guztiek soka tira erraldoian aritu izan dira mailaka ! Aspaldiko klan edo tribuek egiten zuten bezala, pareko taldeak baino azkarrago tiratzen saiatu dira.
Ikasle guztiak arratsaldeko besta irabazleak izan dira eta eskertzen ditugu Gaia elkarteko animatzailea guztiak eta ikasleak haien parte hartze bikainarendako ! Zoragarria izan da !
Arratsalde eder honen bukatzeko, 6. / 5. eta 4.eko ikasleek ekarri dituzten bixkotxak eta edariak partekatzeko aukera ukan dute, mailaka pasatuz krakada erraldoi hortatik, errepikatzeko aukera ukan dute gainera ! Mila esker krakada egileei !
Dena bildu eta garbitu ondoren, autobusak hartu dituzte oporretako bidea hartzeko !! Udaberri on deneri !!
Nahiera eguna # 2............
Apirilaren 18an, ostiralez, urteko bigarren "Nahiera eguna" deitutako egun berezian parte hartu dute kolegioko ikasleek.
Mailaka eta talde ttipika ezarriz, ikasleek hautatutako tailerretan ibili dira, goizeko 4 orduetan.
Hala nola :
- seigarrenendako : Mandalak, Earth Day - land'art, Zeusen izenean !, Zaletasunen truk, Dixit jokoarekin zure istorioak asmatu.
- bosgarrenendako : Iraupen lasterketa, Escape Game : Donde esta el chef ?, Earth Day - land'art.
- laugarrenendako : Itsas lizeoaren bisita, Zientzia Azoka, Astronomia eta matematika, Aire baloia.
- hirugarrenendako : Orientazio lasterketa, Txiste grafikoa, Ahozko aurkezpen bat eramateko tresnak, Antzerki tailerra.
Goizaren bukaeran, ikasleak bildu dira mailaka piknikatzeko eta arratsaldeko mozorroa ezartzeko.
Giro izigarri on batean iragan da eta ikasleak euskaraz gozatu dira !
Gora euskara !
Errobi proiektua bidean...
Heldu den ekainaren 5an, Errobi rock talde mitikoko bi kantariak – Anje Duhalde eta Mixel Ducau – kolegiora etorriko dira, 3.eko ikasleei beren historia eta euskal rockaren hastapenak kontatzera.
Proiektu pedagogiko hori hainbat irakasgairen artean landuko da. Musikan, azterketa musikologiko pixkat egiteaz gain, sorkuntza bat lan berezi bat obratuko da, Aaronekin. Euskaran, Mathilde eta Ikerrekin, Errobiren kantu batzuk landuko dira, bereziki Daniel Landartek idatzi testuen deskubritzeko.
Eta joan den apirilaren 15ean, asteartez, prozesu guzti hori bidean emateko Errobi euskal musika garaikidearen historia orokorrean kokatuz, Peio dokumentalistak IDZn ibilaldi musikal ttipi bat proposatu du; bide batez, irudi eta soinu lagun, musika aberats eta ainitzaz gozatzeko aukera.