Piarres Larzabal Kolegioa

 

SACoche - Sésamath

EasyScol

Seaska

Ikastolen Elkartea


 

IEP gelako taldeak 2020 - 2021 ikasturte bereziari amaiera goxo bat emateko ateraldi polita antolatu nahi izan zuten.

Helburuen artean, heldu den ikasturtean kolegioa utziko duten ikasleei agurra ematea, IEP dispositiboa baliatzen duten ikasleen arteko harremanak indartzea, eta gure ingurunean diren baliabide naturalen ezagutza euskaraz egitea ziren ; horretarako proposamena Amaiur Alfarorekin itsasontzi ateraldia Hendaiatik egitea izan zen.

Ekainaren 25ean, ostiralez, eta eguraldia lagundurik, Miren, Larraitz eta Helenaren autoetan abiatu ziren Hendaiako portura Eneko, Iban, Patxi, Miguel, Enzo, Aiur, Aingeru, Martxel eta Jokin ikasleekin.

Hantxe zuten katamaran ederra zain, eta Amaiur Alfaro marinelak goxoki errezibitu zituen. Ontziari buruzko xehetasunak eta haien ibilaldiaren berri eman ondoren abiatu ziren.

Abiatu eta berehala Iban izan zuten lehen gidaria, eta banan banan, denek hartu zuten lema tarte batez.

Itsasontziaren aitzineko aldean sareetan etzanik, Miguelek eramandako kainaberarekin arrantzan, Amaiurren azalpen eta ezagutza interesgarriekin, kostaldeko paisai ederrekin eta denen umore onarekin loriatu ziren.

Bi oren et'erdiko itzulia egin ondotik eta Amaiur eskertu eta, Hendaiako hondartzara joan ziren piknikatzera. Errugbian aritu ziren ikasleak eta partitu aitzin, uretan sartu ziren bainualdia hartzera.

Kolegiora itzuli eta IEP gelan antolatu zuten bestaren azken prestaketak egin zituzten. Ikasturtean lagundu ztiuztenak eskertzeko gomitatuak ziren, eta bezperan ikasleekin egindako bixkotxak, matahamiak eta pastiza eskaini zituzten. Aiurren urtebetetzea ospatzeko aukera izan zuten, eta Martxel, Jokin, Maitena, Iban eta Patxi agurtzeko oparitto batzuk eskainiak izan zitzaizkien. 

Bukatzeko, 5.eko ikasleek beren ASSR1 diploma ukan zuten, eta kanpora jautsi ziren beste ikasleekin batera ikasturteari amaiera ematera.