Urtero bezala, kolegioko ekipa pedagogikoak euskal mitologiaren inguruko egonaldi bat proposatu du kolegioko seigarrenei. Hiru egunez Baigorriko Oronozia aterpean egon dira euskarazko giro batean murgildurik, elkar hobeki ezagutzeko aukera helburutzat hartuz, ikastola desberdinetatik heldu baitira (Sara, Senpere, Azkaine, Hendaia, Donibane Lohizune, Urruña...).
Urriaren 6an, asteazken goizean, talde osoa kolegiotik abiatu da autobusez. Hamarrak alde iritsi eta, bertako legedia aipatua izan zaie, biharramuneko izen emaiteak antolatu, logeletan instalatu, joko batzuk egin (pilota, futbola, ping pong...) eta piknika partekatu dute ! Arratsaldean, eguzki izpien artean, Mendi Gaiak elkarteak kudeatutako Baigorriko fauna eta florari buruzko orientazio lasterketan parte hartu dute, geografia eta gorputz heziketako nozioak landuz, aterpeko bazterrak deskubrituz. Anartean, beste taldea karrikako artean trebatu da, matematikako nozioak lurrean igeltsuei esker landuz ! Egiazko artistak agertu dira !! Ondotik, dutxatu dira, afaldu dute eta gaubeila gelan elkartu dira. Bertan bi musikari instalatuak ziren kantu'gaubeila animatzeko ! Kantu liburuxka bat eskuetan izanik, ikasleak ozenki aritu dira euskal kantuak abesten : "aberriaren mugak", "loretxoa", "behin betiko", "Arrosako zolan", "Ziburutik Sarara", "Ilargia", "aldapan gora"...eta beste "Guk euskaraz" kantuarekin bukatzeko !
Biharramunean, urriaren 7an, ostegunez, ongi gosaldu eta, berriz banatu dira bost tailer desberdinetan : txalaparta ikastaroa, oihanean bizi diren insektuen azterketa, gasnagintza, biziraupen aterpea eta azkenik zuhaitzetan antolatutako ibilbidea. Ikasle bakoitzak bi tailer egiten ahal zituen goizean zehar ! Eguerditan, kanpoko mahainetan instalaturik, Oronozia aterpeko bazkari goxoa ukan dute : oilaskoa eta patata fritak ! Mairuren uretebetzea ospatuz, desertan izandako txokolatezko bixkotxa partekatuz ! Arratsaldeko biak aldera, talde handiak Baigorriko hiriko bidea hartu du bi aktibitateendako : Alde batetik, pilota plazan herri kirolak, joko tradizionaletan parte hartu dute : arto landatzea eta bilketa, kontrabandisten lasterketa, soka tira... Bestalde, haien HG irakaslearen azalpenekin, Biagorriko erromatar zubia, Etxauz gaztelua eta eliza deskubritu dituzte. Ondotik, berriz aterpera igo dira denak, krakada egiteko, jokoetan segitzeko, dutxatzeko eta afaltzeko. Bigarren gaubeila iragan da jokoen inguruan : mahai joko desberdinak, labirintoak, hizki jokoak eta mandalak !
Biharramunean, ongi gosaldu eta maletak elkartu eta, Baigorritik Sarara joan da talde guztia. han Ikusi Mikusi haur eta gazteen literaturari lotutako liburu azokan ibili dira gure ikasleak ! Bertako liburu erakusketan ikasle batzuk euskarazko liburuak erosi dituzte. Eguerditan, Pantxix Bidartek animatutako Odisea emanaldia ikusi dute. Azkenik Sarako itzulia egin dute : uda honetan XabXab / Ez Kexa frezka landuz, Gernikako obra ere bai eta galtzadetan ibiliz eta HG irakaslearen azalpenak entzunez.
Egunero, banatua izan zaien oroitzapen liburuxka haien notak gehitu dituzte.
Ikasturte hastapen honetan eta egonaldi honi esker, harreman biziki azkarrak lortu dituztela gure ikasleek espero dugu.