Otsailaren 28an, asteartez, konzertazio denboran, 4D eta 4Eko ikasleei Itsas Lizeoaren aurkezpena proposatu zaie.
Orientaziorako gogoeta goiz hasi behar denez geroz, memento egokiena zen ondo-ondoan dugun lizeo horren berri ukaiteko, eta etorkizunari begira itsas munduaz interesatuak izan daitezkeenei aukera hori eskaintzeko.
Aurkezpena bi ahoz egin da. Lehenik, Catherine Berhok lizeoaren aurkezpen orokorra egin du, power-point argi baten laguntzaz : Lizeoaren antolaketa, ikasle kopuru ttipia, formakuntza mota guzien aurkezpena eta horiendako eskaintzen den puntazko material osoa… Eta bistan dena, formakuntzari esker irekitzen diren lanbide guziak, izan daitezen arrantzan, komertzioan, edozein motako itsasontzietan, lehorreko lan batean edota mekanikan.
Gero Joseba Davantek bere lekukotasuna euskaraz eman du. 30 bat urtez mariñel egon ondotik, orain Itsas lizeoan da irakasle eta ibilbide hori kondatu digu. Azaldu du itsas mundua zein zabala den eta nola gustu guziendako ofizioak aurkitzen ahal diren, nahiz ongi azpimarratu duen ofizio horietarik batzuk besteak baino zailagoak direla (arrantzalearena adibidez, eder bezain gogorra).
Lizeoak hainbat ikasbide proposatzen ditu, laburrenetatik luzeenetara, egun bakar bateko ikastaroetatik pasatuz. Gure kolegioarekin partaidetzan, bisitak edo ikastaroak antolatzen ahalko dira 4. eta 3. mailen artean, interesatuak diren guziendako, mutil ala neska.
Martxoko nahiera egunez, lizeoaren bisita egiteko aukera ukango dute.
Bitartean, edozein xehetasunendako: http://lycee-maritime-ciboure.fr/
Milesker Catherine eta Josebari baita ere Lizeoko zuzendari jaunari etortzeagatik !!