Otsailaren 16an, ostiral goizez, laugarren guziak Bizkarsoro filmaren ikustera joan dira. Gelan "Euskara eya Eskola" sekuentziaren barnean eraman den lanketa bat izan da. Filma honi esker, euskara XX. mendean jasan aldaketak, trabak eta debekuak irakusten dira garai ezberdinen bidez : 1916, 1922, 1942, 1962 eta 1982. urteak hautatuz.
Josu Martinezek zuzendutako fikziozko luzemetraia da Bizkarsoro. Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak.
1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna.
Argia aldizkariko Gorka Peñagarikano Goikoetxeak honela iruzkindu zuen:
“Bizkarsoro herri euskalduna da, jendearen joan-etorririk eta populazioaren nahaste handirik apenas bizitu duena iraganean. Lehen Mundu Gerran frantsesen bandoan borrokatu beharko du lehenik, eta nazien inbasioa jasan gero. Finean, identitateari eta hizkuntzari uko egitera behartuta ikusiko du bere burua. Programaturik dago bere heriotza, arriskuan dago, eta ondo pentsaturik egingo zaio eraso, baina pronostiko guztien kontrara, eutsi egingo dio. Eta hiltzekotan ere, badaki, autopsiarako frogak utzita hilko dela.”