Piarres Larzabal Kolegioa

 

SACoche - Sésamath

EasyScol

Seaska

Ikastolen Elkartea


 

Urteko azken "Elkar'topa # 4" iragan da gure kolegioan ! Pilota, dantza, itsas aktibitateei lotutako komiten ondotik, maiatzaren 28an, ostegunez, errugbilariak kolegiora etorri dira : Baionako Manex Ariceta, Miarritzeko Ekain Imaz, Baionako neskak taldeko Thais Trounday eta Miarritzeko BOtés-tik Idoia Beristain (ikasle ohia gainera !) !!!

Eguerdiko pausan, lehen partean, elkartu dira 6 / 5.eko 40 ikasle eta 4 / 3.eko 24 ikasle, nahieran parte hartzen zutelarik.

Lehen partean, galdera desberdinei erantzun dute :

Haien aurkezpena egin ondoren, 20 - 25 urteko gazte horiek azaldu dute zergatik errugbia hautatu zuten ; batzuk ttipitatik errugbiarekin hasi baitute, beste batzuk beste kirol batean ziren lehenago eta aldatzeko gogoa zutela : futbola, gimnaztika, esku baloia, lizeoko UNSSa.... Baina familiarekin denek zuten ber kirolaren pasioa !

Beharren aldetik, beste arlo ainitzetan bezala, gaitasun fisikoak eta lana ezinbestekoak direla adierazi dute, baina argi dela edozoin fisikoa edota pertsonak bere tokia izaten ahal duela errugbian.

Genero aldetik, zoritxarrez desberdintasunak agertzen dira neskak eta mutilen artean, bai liga mailan, bai paga mailan, baita ere zelaien partekatzean edota telebistan baina gaur egun, geroz eta neska gehiago ari dira eta  bihotz-sustagarria da, denendako kirola baita.

Zergatik iparraldean aritu ? Beasaingo Ekain eta Hernaniko Manexendako ohore / zorte handi bat izan da Iparraldeko ekipa batean deitua izatea (beti hegoaldean aritu izan baitira) maila gorago baita eta etxetik hurbil ber mementuan. Uztaritzeko Thais-endako eta Ziburuko Idoiarendako, argi zen, neska gutti baitziren, bertakoak izanez, ttipitatik segitu zituzten bi ekipetan aritzea zela helburua (Baiona edo Miarritze).

Errugbiak dakarrena : Lagun asko ukaitea, pasioaz bizitzea, bidaiatzea, ametsa lortzea oso polita dela.

Mementu txarrenak ? Idoiarendako maila biziki txarra ukan zutelarik hastapen batean eta bi mutilendako zaurituak izan direlarik hainbeste denbora gelditua izanki...

Mementu hoberenak ? Txapelketak irabaztea, lotuz lortzen dela, haien ekipan asko jolastea edota partida guztietan. Federale 1 nesken mailako Frantziako lehiaketa txapelduna izatea beti gogoan ukango du Thais-ek. Nesken ekiparik ez zelarik, zerotik abiatzea, ber urtean irabaztea finala eta Mairritzen onartua izatea ondotik izan da Idoiarendako plazerra. Erreala zale izanki, Anoetan, bertako zelaian, La Rochellen aurka aritu izan direlarik, Manexendako oroitzapen onetatik bat da.

Matxetan babestua izateko materiala erabiltzen dutela : kaskoa, hortzetako babesa (eta profesionalendako barne gps batekin kontaktuen detektatzeko), klabikula babesa, "strap" delakoak.

Azkenik, euskararen tokia haien bizian eta errugbian azaldu digute : Lauek dute euskara ama hizkuntza edota ikastolako hizkuntza beraz ttipitatik euskaraz ari dira. Euskarak du lagundu harremanetan iparralde eta hegoaldeko jokalarien artean elkar komunikatzeko, nahiz eta maleruski ez den ainitz erabiltzen entrenamenduetan. Alta, sakea-konbinazioetan euskarako hitzak erabiltzen dituzte gehienetan.

Argi dena da : errugbian, nahiz eta kluba bat edo beste baten alde izan, euskaldunek dutela laguntasun harreman azkarra euskara lotura nagusia izanki !

Bigarren partean, haien argazkiak (Baionako neskek txapela ukan zutelarik talde argazkia, Anoetan aritu izan direlarik, matxetako argazki batzuk) eta ekarri zituzten kamisetak eta kranpoiak erakutsi dizkiete.

Azken partean, ikasleen galderei erantzun dute, Baiona edo Miarritzeren alde zirenez inkestaren ondotik. Zein postuan ari diren zehazki ? Zein zen matxa hoberena ? etabar...

Bukaeran, argazkiak talde ttipika egin dituzte eta autografoak izenpetu ere bai !

Topaketa interesgarri honen ondotik, 5.eko neska batzuei errugbia hasteko gogoa piztu zaiela adierazi digute !

Zinez mila esker Manex, Thais, Ekain eta Idoiari lekukotasun aberats horiendako eta parte hartu duten gazteei !

Gora kirola ! Gora lagunak ! Gora belaunaldien arteko "Elkar'topa" !