Urtero bezala, kolegioko ekipa pedagogikoak euskal mitologiaren inguruko egonaldi bat proposatu du kolegioko seigarrenei. Hiru egunez Baigorriko Oronozia aterpean egon dira euskarazko giro batean murgildurik, elkar hobeki ezagutzeko aukera helburutzat hartuz, ikastola desberdinetatik heldu baitziren (Sara, Senpere, Azkaine, Miarritze, Urruña, Hendaia...).
Urriaren 5ean, asteazken goizean, Mendi Gaiak elkarteak kudeatutako mitologia eta Baigorriri buruzko orientazio lasterketan, talde ttikika eta dinamikoki aritu dira gure seigarrenak, geografia eta gorputz heziketako nozioak berriz landuz. Ondotik, elkarrekin piknika partikatu dute. Arratsaldean, logeletan instalatu dira eta aterpeko ingurumena (belarrezko bi hektareak) deskubritu dute, eta jokoetan aritu : pilota, ping pong, futbola, intxaur bilketa, mahai jokoak... Arratsean, Eleka konpainiako Kattalin eta Jokin ipuin kondalariak eramandako euskal eta afrikako leienda misteriotsuak entzuteko plazerra ukan dute, begiak zurituak egonez.
Biharramunean, urriaren 6an, ostegunez, ongi gosaldu eta, berriz banatu dira taldeka lau tailer desberdinetan parte hartzeko :
Aldudarrak Bideo elkarteko Haitz eta Pantxikarekin, ikasle talde batek audiobisualari buruzko hiztegi teknikoa eskuratu eta, kamera erabili du eta elkarrizketa jokoetan aritzeko parada izan du, profesional horien aholkuak ongi kondutan hartuz, gogotik eta kartsuki.
Beste talde batek P2i elkarteko Paxkal Indok kudeatutako musikagintza tailerrean parte hartu dute, euskal musika tresnak eta perkusio desberdinen inguruan. Tresna guziak erabiltzeko aukera izan dute, harriturik. Ordu bat et'erdi berantago, izugarrizko sinfonia, "batukada" antzekoa, entzun zitekeen nafarroko mendiean artean.
Eñaut artzainari esker, lanaz eta transmisioaz errabiatua, gasna bat nola prestatzen den ikasi dute beste taldeko ikasleek, giro biziki intimo eta sakratu batean.
Azkenik, Mathilde eta Iñaki, kolegioko irakasleek arte plastikoei buruzko tailer bat animatu dute beste ikasleendako. Irudimenez betetako mitologiako munstro bereziak sortzeko aukera izan dute.
Arratsaldea gehiago fisikoa izan da, Baigorriko pilota plazan, ezin nekatuzkoak diren Mendi Gaiak elkarteko Vivi eta Eñautek herri kirolak animatu dituzte, hala nola, arto hazketa eta bilketa, kontrabandisten lasterketa, kapeluaren botatzea edo soka tira adibidez... Ondotik herriaren itzulia egin dute aterpera sartu aitzin. Arratsean "Izaki basatien lurraldea" zinemaldia ukan dute.
Azken egunean, urriaren 7a ostiralez, materiala bildu eta, gibelerako bidean izanez, Senperen gelditu dira, Euskal artista zen Nestor Bazterretxearen "Oroit mina" zizelkadura deskubritzeko eta 1609an iragan den sorginkerien auzia oroitarazteko. Ondotik, ikasleen artean piknika on bat partikatu dute eta Senpereko elizaren gibelean den parkean jolastu dira.
Kolegiora iristean, oroitzapen liburuxka betetzen bukatu dute eta lagun berriekin azken jokoak egin aitzin, denen artean, egonaldiako ahozko bilan biziki baikorra egin dugu.
Bukatzeko, ikasturte hastapen hontan, harreman biziki azkarrak lortu dituztela gure ikasleek egonaldi horri esker ondoriozta dezakegu, motibagarriak ziren aktibitate eta amorratuak ziren animatzaile guziei esker.
Ikasle batzuk eta Aldudarrak Bideo elkarteko teknikarien artean egindako lana : klikatu hemen.