Laughton....
Azaroaren 15an, ostiral arratsaldez, 4A gelakoak, Pac proiektuaren kari lehen antzerki bat ikusteko aukera izan dute, Senpereko Larreko gelan, "Laughton" izenburupeko antzezlanarekin.
Antzerki laburra baina intersegarria izan da, hainbat gai ezberdin jorratu dituenak : familia, desamodioa... etab... Laughton 10 urteko mutiko baten izena zen, frantsesezko "automne" sasoiaren izenetik etorria.
Bilduma : "Gizon bat sobera luzaz falta egon da. Orduan emaztea "idazten hasiko da, ez hiltzeko" eta Laughton mundura ekarriko du. Eta gizona berriz jiten da : "Ez da ene semea". haur sortzea eta sorkuntza ; desorekan eta desamodioan den familia ; sekretuak, gezurrak, egia... Norbera errealitatetik libra ote daiteke ? Norberak bere istorioa asma ote dezake ? "Létée" eta "Livère" ikusgarrien ondotik, Stephane Jaubertiek alegia fantastiko bat kontatzen digu berriz ere, larrazken kolorez jantzia, errealitate soziala eta ametsa nahasten dituena."
Apainketak oso politak ziren, udazkena eta naturarekin lotuak. Ikasleek antzerkia interesgarria atzeman dute eta bukaeran, antzezleei hainbat galdera pausatzeko aukera izan dute.
Soinu deia !
Azaroaren 12an, asteartez, kantu tailerrako kide batzuk haien boza grabatu dute Antxeta irratiako Maia kazetariaren mikrotik !
Ongi ahozkatuz eta kantaldiako xehetasun guziak emanez, ikasleak zehatz eta mehatzki parte hartu dute !
Laster entzungai izango da 4 irratietan : Antxeta irratia, Gure irratia, Irulegiko irratia, Xiberoko Botza...
Milesker Maia !!!
Kolegioaren alde... kantuz !!!
Urtero bezala, azaroaren 24an aurten, kantaldi bat antolatua da Urruñan, Urruñako ikastola baita ere gure kolegioaren alde !!
Eta norekin ? Eñaut Elorrieta !!!
Ondorioz, bai Goierriko laguntza, bai publikoan baita ere dirulaguntza eskaintzen digutenek eskertzeko, gure ikasle batzuk motibatu dira kantu tailerran parte hartzeko !
Irailatik landa, bi aldiz astean, bazkaltzeko orduan, 6. - 5.eko 20 ikasle eta 4.eko 10 ikasleak biltzen dira hizkuntz desberdinetan erabaki duten kantu nahasketa lantzeko !
Kantaldia Urruñako polikiroldegian antolatua da arratsaldeko 4etatik landa eta bertan, Eñaut Elorrietak bere diska berriaren aurkezpena egingo du ! Lehen parte batean, Urruñako haurrek eta Ziburuko gazteek abestuko dute.
Ondotik erromerai izango da : talo'ta xingar Kuxkuxtu txarangak alaiturik !
Pasa mezua eta aitzinetik milesker lagunduko gaituztenei !!
Sarrerak salgai :
- Aitzinetik 12€tan Urruñako Dongaitz trinketean eta Batika ostatuan, Pausuko Xaia ostatuan, baionako Elkar dendan
- Bertan 15€tan
Mega kantu piknika !!
Oporretara joan aitzin, euskal giroan izaiteko eta nahiera eguna baliatuz, Mega Kantu Piknika antolatua izan da maila guzietako ikasle, irakasle eta langileendako, urriaren 17an !
Kanpoko eremuan elkartuz, ekarritako bazkari hotza lagunen artean partikatu dute. Jokin, Kiki, Bastien eta Amaiur kantari musikarien laguntzarekin, eta eskuetan zuten kantu liburuxkari esker, euskal kantu tradizionalak abesteko parada ukan dute, hala nola : Aberriaren mugak, Gora ta gora beti, Ilargia, Lau teilatu, Arrosako zolan... eta Aldapan gora edo Inundik Iñoare ere bai !!
Eguraldi biziki goxoa izanki, giro atsegina, alegera eta euskalduna lortu da ikasle gehienen parte hartzeari esker, mega dantza piknikarekin bukatzeko !!
Txalo bero bat deneri eta mila esker Jokin, Kiki, Amaiur eta Bastieni !!
Nahiera Eguna #1 !!
Urriaren 17an, ostegunez, kolegioko ikasle eta heldu guziendako egun berezia iragan da : Nahiera eguna #1 !!!
Osteguneko ordutegia guztia bermoldatua izan zaie !! Aste bat lehenago, ikasle bakoitzak hautatu zuen zein tailerran parte hartu.
Hona hemen zein aktibitateak proposatuak izan zaizkien :
Goizeko lehen bi orduetan :
Mus karten ikastaroa, enquête policière, xake mate, erromatar zenbakiak, kantu loto, karta mentalak, numbers, la escoba, deviens scénariste, ahozkotasuna, zifrak saltsan, esperientzia eroak, irrati tailerra, sorospen ikastaldia.
Goizeko azken bi orduetan :
Enquête policière, numbers, esperientzia eroak, Xake mate, sorospen ikastaldia, desafioak, asesinato en la pizzeria, zifrak saltsan, kantu loto, deviens scénariste, karta mentalak, erromatar zenbakiak, ahozkotasuna.
Goiz osoko tailerra : josketa
Egun osoko tailerrak : arraunketa, elektronika, aniztasuna, arbol liburutegia
Arratsaldeko bi orduetan :
Ezetz lortu ? numbers, deviens scénariste, xake mate, zifrak saltsan, origami, asesinato en la pizzeria, karta mentalak, sorospenak, desafioak, erromatar zenbakiak, esperientzia eroak, ahozkotasuna.
Egun berezia, dinamikoa eta aberatsa ! Kolegioak beste itxura bat hartu du eta ikasleak oroituko dira luzaz !!
Lehen eskulan tailerra iragan da !
Lehen saioko eskulan tailerra ongi abiatu da, arraskatatsua izan da, ondorioz hiru taldeetan ibili dira.
Tinta akrilikoa, feutra ezabaezinak, kortxoak, egur flotatuak izan dira erabilitako materialak...
Apaingarri ezberdinak ere gehituak izan dira, hala nola, sokak, perlak, hizkiak, etabar...
Argazkietan ikusiko duzue 6. eta 5.eko artista ttikien lan zati bat !
4. eta 3.eko gazteekin aldiz, kolegioaren onerako aritu dira...
Aulki berriak muntatzen eta zaharrak desmontatzen eta kolore urdinez tintatzen aritu dira...
Ikasleak motibatuak eta bide horretan segitzeko prest agertu dira.
AUPA IKASLE BRIKOLATZAILEAK !!
Arbasoen aztarnetatik...
Urtero bezala, kolegioko ekipa pedagogikoak urte hastapeneko egonaldi bat proposatu kolegioko 97 seigarreneko ikasleei. Hiru egunez, Orioko Txurruka aterpean egon dira euskarazko giro batean murgildurik, elkar hobeki ezagutzeko helburua hartuz, ikastola desberdinetatik heldu baitira (Sara, Senpere, Azkaine, Bidarte, hendaia, Urruña...).
Urriaren 7an, astelehenez, txirrina jotzean, maletak elkartuz, deia egin ondoren, seigarreneko ikasleek Orioko bidea hartu dute. Orioko Txurruka aterpera sartu eta logelaka instalatu dira haien lagun berriekin, kirol eremu zabalean jokoetan aritu, eta bertan antolatutako elkar bizitza jokoetan parte hartu dute : xifumi lasterketa, ping pong, petanka - molky, marrazk'ipuin-gizotso, base futbola... Eguerdiko piknika partekatu ondoren, teniza pare on bat ezarri dute Orioko hirira oinez joateko. Portuaren bazterrean, talde ttipitan ezarri dira argazki ibilaldi baten egiteko eta bertako mounmentuak eta pertsona famatuen ezagutzeko : Jorge Oteiza, Benito Lertxundi, Endaia etxea, Orioko arraun klubaren logoa... Ondotik aterpera itzuli dira denbora librean jolastatzeko, dutxa hartzeko, gaubeila prestatzeko eta afaltzeko.
Biharramunean, urriaren 8an, asteartez, ongi gosaldu, teniza pare on bat ezarri eta, Oriotik Zarauzera oinez joan dira hondartzara iristeko. Bertan, talde ttipitan banaturik, "Zarauz'express" jokoa egin dute : mapa bati esker, orientazioa landu monumentu desberdinak aurkitu eta izendatu dituzte. Ibilaldi honen ondotik, elgarrekin piknika erraldoi bat partikatu dute. Arratsaldez, geltokira joan dira Eusko tren topoa hartzeko eta Oriora itzultzeko... Hau desafioa ! Gehiengo batek lehen aldikotz bere txartela konpostatu du eta treina hartu du ! Egun hori fisikoa izanki, aterpera itzuli dira jolastatzeko, pausatzeko, dutxa hartzeko, afaltzeko eta gaubeila antolatzeko.
Urriaren 9an, asteazken goizean, materiala bildu eta, Zestoako bidea hartu dute, bi taldeetan banatuak izan dira bi aktibitate desberdinetan aritzeko : Alde batetik, Erdi Aroko Lili jauregiaren bisita egin dute ANdere Madalenari esker. Antzerkitxo baten moduan aurkezturik, "zerbitzari berriak" deitutako ikasleak gelaz gela ibili dira bere familiako istorioa entzunez. Gaztelu honen inguruan den erreka eta oihanaren bazterrean, ingurumen paisaia aztertzeko eta hosto desberdinak aurkitzeko parada ukan dute talde ttipika, urratsez urrats ibiliz.... Bestalde, Ekainberri leizeetara hurbilduz, bertako tailer gelara sartu dira batzuk, garai hartako margolaritza edota sua nola egiten den ikasteko eta ehiztari ttipiak bilakatuz, arkuaren erabilpena eta lantza botatzearen ariketa eginez. Azkenik, leizeetako arroketan agertzen diren margoak, bereziki zaldiak, hurbiletik aztertu dituzte.
Egonaldi guztian, oroitzapen liburuxka bat betetzen aritu izan dira. Arratsaldeko 4ak alde, kolegiora iritsi dira. Bukatzeko, gure ikasleek ikasturte hastapen honetan, harreman biziki azkarrak lortu dituztela egonaldi honi esker ondoriozta dezakegu, motibagarriak ziren aktibitate eta amorratuak ziren animatzaile guziei esker. Esker bereziak ematen dizkiogu Anne-Marie, gure erizain lanpetua eta gisakoari !!
Gazte gunearen aurkezpena !!
Joan den urriaren 4an, goizeko jolas garaian, Urruñako gazteak eta nahi zutenek bildu dira kolegioko IDZtan, Urruñako Gazte guneko Leire animatzailea haiengana etorri baita.
Lehen parte batean, gazte gunearen antolaketa eta helburuak aurkeztu ditu, oporraldietako aktibitateen eskaintza baita ere orientazio mailan proposatutako zerbitzua.
Azken parte batean, "junior association" delakoa azaletik presentatu die ; Elkarte gisa biltzen ditu herriko gazteak haien proiektuak martxan jartzeko eta lortzeko.
Milesker ainitz zuri Leire eta etorri diren ikasleei !
Adoenia elkartea 6.eko ikasleendako !!
Iraila bukaeran, ADOENIA elkartearen eskutik hainbat informazio eta solas saio ukan dituzte 6.eko ikasleek.
Ikasleak talde tipitan elkartu dira ADOENIAko hezitzaileekin. Honela errazago tratatu ahal izan dituzte hainbat gai, hala nola jazarpena, 6.ean sartzen dituzten kezkak, ikasleen arteko harremanak, sentitzen ahal diten ezinegona, etab... Solasaldi horietan, lehen mailako ikastoletako bizipenak aipatu dituzte ikasle batzuek eta baita ikasturte hasieran harremanetan ukan dituzten zailtasunak.
Saio horietan, kolegioko ekipan ikasleengandik hurbil-hurbil ari garen beste profesionalak aukreztuak izan dira ere : Solasgunea Alicekin (Seaskako pzikologoa), irakasle tutoreak, hezitzaileak eta beste...
Adoenia elkartea aurkeztua izan da : ikasleak eta familiak laguntzeko helburua duen egitura, Hendaia, Donibane Lohizune, Kanbo, Baiona, eta hainbat herritan permanentziak dituena. Familia guztiari irekia da Adoenia : xehetasunendako klikatu hemen.
Horrelako solasguneak ukaitearen garrantziaz ohartzen gira eta hurrengo ikasturtean ere antolatzen saiatuko gara.
Sexualitateari buruzko prebentzioa 3.eko ikasleentzat !!
Aurten ere, 3.eko ikasleek sexualitateari buruzko prebentzio tailerra ukan dute ARSA elkartearen eskutik.
Hiru ostegunez iragan diren tailer horiei esker, gazteek informazioa lortzeko parada ukan dute. Baita ere gai horri buruz dituzten galdera guztiak pausatzeko.
ARSAko hezitzaileen erranetan, gogotsu parte hartu dute ikasleek. Nahiz batzuk hasiera batean erabe agertu, galderak pausatu eta solasaldi interesgarriak ukan dituzte. Besteak beste eritasunak, kontrazepzioa, babestea, errespetua, homosexualitatea eta bisexualitatea bezalako gaiak izan dituzte hizpide. Informazio liburuxka banatuak izan dira ere.
Esperientzia errepikatzekoa da. Tailer hauek bestalde osatzen dute biologia ikasgaian ikustekoak diren gaiak.