Piarres Larzabal Kolegioa

 

SACoche - Sésamath

EasyScol

Seaska

Ikastolen Elkartea


 

Nahiz eta, ekainaren 20 eta 21ean, berrikuspenak egitera etortzen diren ikasle batzu, hirugarrenek lizeoko bidea hartzen ari dira eta azken eguna ekainaren 17an izan dute.

Egun hortan, bakoitzak brebeta lortzeko zenbat puntu gelditzen zaizkion jakin du, brebetako konbokazioa eskuratzean.

Azken orduan, krakada goxo baten inguruan, azken agurrak eta argazkiak egin dituzte.

Brebeta lor dezatela eta bide on deneri !

Ekainaren 13 eta 14an, kolegioko 5.eko ikasleak Nafarrora joan dira bi egunendako. Goizeko 9etan kolegiotik abiatuz, 11ak aldean Erriberriko bisita egin dute : Nahiz eta obretan zen, Santa Maria elizaren tinpanoa eta parbisaren azterketa egin dute eta joko pista bat hirian, mapa bati esker. Don Petri elizaren tinpanoaren azterktea egin dute, Dorrearen aurkikuntza, Ehundegien kalearen bisita eta Juduen kalearen bilaketa.

Arratsaldeko 3.30tan, Artaxona hurbiletik bisitatua dute, harresiaren itzulia eginez eta dorreak kondatuz, arratsaldeko 4.30ak aldean Errota Mendigorria akanpalekura iritsi aitzin. Han bertan, pizinan freskatzeko, errugbian, futbolean eta tenizan aritzeko parada izan dute lagunen artean. Gau bero baten ondotik, gosaldu eta gero, Eunate bisitatu dute eta Garesera hurbildu dira erromesen oroit-harritik sarrera oinez hirian eta Gareseko bi eliza eta zubiaren aurkezpena egiteko. Ongi bazkaldu eta, Nafarrotik Ziburura sartu dira.

Asier : "Oso ondo pasa dugu, bidaia oso ederra iduritu zait. Antolaketa aldetik bikaina zen, lagunekin egoteko parada handia eman digutelako. Beste egun gehiago apreziatuko genituen."

Iker : "Bisitak ez ziren sobera ongi entzuten baina interesgarriak ziren."

Amane : "Akanpalekua pixka bat zaharra zen eta enetako denbora libre pixka bat gehiegi. Aldiz, Erriberriko gaztelua oso ongi zen."

Maitza : "Biziki ongi zen akanpalekua".

Laida : "Aktibitateetan irakasleen parte hartzea estimagarria zen".

Lorezainak : Hasi baziren ere xumeki haien landareen apala arrunta eraikitzen : neurtzen, mozten, iltzatzen, pintatzen, eta dirdiratzen, ondoren lan handiagoetara lotu ziren gogotik !!

Txintxuketa : Paletak neurtu, perimetroa eta azlaera kalkulatu, materiala zerrendatu eta erosi : gurpilak, mosaikak...arazoak.. azkenean altzairu dotoreka lortu dituzte gelan !!

Sukaldariak : Mailuak, bihurkinak eta zulagailuak utzita jirabiatzekoa, koilara, untzi eta mantalak jantzita, afitxak, manuak, 4 pertsonen errezetak 20etara egokituz, erosketetatik sukaldatzera saldu dituzte haien kafe goxoak !!

Nola lan guziek ordain bat merezi duten, kontabilitatea ongi zainduz, irabaziarekin eta igorri duten letrari esker, nahi zuten diruzama eskuratu dute ekainaren 27an, ateraldi baten antolatzeko : Sokoako hondartzara doazte "bouée tractée" egitera.

Txalo bero bat IEPeko gelako ikasle eta irakasle - AVS-ei !!

Ekainaren 7an, asteartez, eguerdiko piknika goxo baten ondotik, kolegio guzia Donibane Lohizuneko zinemara joan da, 2004an Ismaël Ferroukhik egindako Le grand voyage filma ikustera.

Aste batzuk baxoa pasa aitzin, Reda, Frantziako hegoaldean bizi den hogei urteko lizeoko ikasle bat, bere aita Mekara autoz eramatera behartua da. Hastapenetik, bidaia zaila bilakatzen da, denak aita eta semea separatzen baitu. Haien komunikazioa guttienera murriztua da. Redak nahi duen bezala bizi nahi du bidai hori, bere aitak errespetatua izan nahi duelarik eta bere beilaren sentsutik baztertua ez izanik. Kilometroak pasatzen dira eta bi gizonak hurbiltzen dira. lehenik, "Road-movies"-ri esker, hamar herrienh gaindi fisiko bidai bat kontatzen du filmak. Osasun onetik urrun izanez ere, bidai hori autoz egin nahi du aitak, bidai honen zailtasunek bere beilari zentzu bat ematen diotelako. Barne bidai bat abiatuko dute aita eta semeak eta ezezagunak diren bideetan sartuko. Nola komunikatu bestearekin eta bere kultura, hizkuntza eta erlijioari lotutako desberdinatsuna onartu ?

Aitzinetik zerumuga desberdinak deskubritzeko gisan, afitxa deskribatu eta iragarki banda ikusteko aukera ukan dute. Filma horren zati batzu hobekiago ulertzeko, Islamaren bost zutabeak ikertu dituzte, Mekako beila eta Ramadanena adibidez. Hori esker, aurtengo Ramadana maiatzaren 6an abiatu zela jakin dute. Zinema saio denboran,  ikasle gehienek deskubritu dute beraz erlijio bat, sakratuak diren errituak, beilarien arteko elkartasun miresgarria. Mekan iragan den elkarretaratzeak ditu durduzatu.

Gelan, sekuentzi batzu atzertuak izan dira eta ez ulertzeak argitu dituzte. Duten ingurumen musulmandarra aipatzeko parada ukan dute batzuek : partekatze eta tolerantzia momentu eder bat. Angelun bizi den Nicolas Cazale aktoreari idaztea kolegioko ikasleei proposatu diete frantses irakasleek. Gustukoa izan duten sekuentziaren ilustrazio bat juntatuko dute.

Joan den astetik, printzipalean edo kontsolantean, kolegioko mus txapelketan parte hartu duten 35 bikoteek azken partidak egin dituzte eguerdiko garaian.

Gaur, ekainaren 3an, bi sailkapenetako finalak kanpoko ermeuan iragan dira, lagunen aitzinean.

Printzipala nagusian : 3.eko Iñaki Daguerre eta Eñaut Fordinek 2 - 1 irabazi dute 4.eko Ellande Daguerre eta Hodei Goieaskoetxearen aurka. Azpimarratzekoa da 2015ean ber ekipak finalarako kalifikatu zirela. nahiz eta mantxak ttinkatuak ziren, bi urtez, 3.ekoek txapela irabazi dute. Txalo bero bat !

Kontsolantean : 5.eko Amaia Alandry eta Arantxa Daguerrek 2 - 1 irabazi dute ere bai 6. / 5.eko Jokin & Amaia Zolezzi aurka.

Parte hartzaileen kopurua, legediaren errespetua, maila desberdinetako ikasleen elkar trukaketa, elkartasuna eta giro sano orokorra azpimarratzekoak dira. Segi jokatzen, pariatzen eta ikasten !

Ez ahantz euskaraz pariatzea, ttanttorik ez galtzeko...

Imido, bost gehio, kanta... aurtengo txapelketa bukatua da !

Lau urte pasa ondoren, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko 3.eko ikasleak portura iritsi dira.

Hala nola, San Juan baleontziaren eraikuntza bitartez itsas historia ikasten, maiatzaren 21ean, Donibane Lohizuneko Jai Alaian, 500 pertsonen aitzinean, arrantzaleak omendu dituzte, Ainhoa Alberdi Gisasola, Jose Cazaubon eta Ortzi hegoas Maroteaux-rekin landutatko antzerki musikala emanez.

Bere bertso zoragarriekin, Jon Maiak itsasoratu gaitu, publikoa olatuak bilakatuz.

Honen ondotik, denen plazerrarendako, Ziburu eta Donibaneko artistak gaualdiari lotu dira : Ttikia eta handia txalapartariak, Unama, Tximi Txama gazteak, H-Eden, Kartsuki, Zort'ziburu eta ziburuko Estudiantina.

Gau hartan, itsasoak etorkizunaren kolorea zuen Donibaneko badian.

NB : Kanaldudek egindako DVDa salgai 20€tan (emanaldia + erreportaia). Kolegiora deitu 0559518720era.

Sokoako harritza litoraleko fauna hobeki ezagutzeko parada izan dute 6Bko ikasleek joan den maiatzaren 23an.

Bertan, itsas triku, itsas luzoker, ofiura, anemona, izkirra, karramarro... ikusi eta unkitu dituzte !

4B eta 4D-ko ikasleak fobiaren inguruko idazketa - antzerkiaren proiektu batean engaiatu dira. Horren kari, bi ikusgarri ikusi dituzte : Phobies emanaldiaren entsaioa, Jour de fête konpainiak antzezturik eta Le stoïque Soldat de plomb, l'Oiseau-Mouche konpainiak proposaturik.

Marie Cosnayk lagundurik, testuak idazteko misioa dute 4B-koek eta jour de fête tropako taula zuzendaria den Ludo Estebeteguyren laguntzarekin, 4D-koek antzeztuko dituzte.

Aprendiz-idazleek haien lagunak egoera batzutan irudikatzeko plazerra hartzen dute eta aprendiz-antzerkilariek, ezinegonez, haien 4 egunetako antzerki ikastaldia itxaroten dute.

Plazer hori ikustea atsegina da.

Gizaki beldurrak eta angustiak esploratzeko antzerki motibo egokia da fobiak lantzea. Fobiaren izen jokoak ere hitz joko pista izugarriak dira :

Epistaxiofobia : odol galtzearen beldurra

Papetoletofobia : komuneko paperaren beldurra

Pogonofobia : bizar eta matel eta kokotxaren ileen arteko aiherkundea

TOKak ere joakoan izango dira.

Bi gelen elkar lanaren emaitza itxaroten dugu ezinegonez !

Maiatza joaki zaigu eta Olagarroa kirol elkarteak antolatzen dituen eskalada iniziazioek arrakasta ederra izan dute : hemezortzi ikasle ibili dira Xantakoko paretan.

Bi saio gelditzen zaizkigu orain, mendi eskalada deskubritzeko.

Sarara joanen gira leizeetatik hurbil den Sara Ttiki arrokara.

Esker bero bat guraso laguntzaileei.

Aurten ere bertsolari bat etorri zaigu klasera. Ikasleek harrera oso ona egin diote eta sei saiotan dituzten kezkak bertsotan idazten aritu dira. Sei saiotan, taldean eta bertsotan, lanean aritu dira. Bertsoa zer den aitzinetik zekiten batzuek besteekin bertsoak partekatzen aritu dira, joko gisan. Hiru geletan, bostgarreneko hirurogei ikasle baino gehiagok gozatu dute proiektuaz.

Kantuz bukatu ditugu saioak, bertsoekin bat eginez.

Proiektua Donibaneko Ravel aretora eraman dugu maiatzaren 12an, bertsolari bikainekin kantatuz, Amets, Sustrai eta Oskarrekin. Haiek beste joko batzuk erakutsi dizkigute, hitzekin nola josta daitekeen erakustaldi ederra eginez.

Goiza laburra izan da, bertsoz bizi izan dugun goiza. Biharko bertsolari handiak hor genituen eta bereziki gaurdanik bertsozaleak hau baita garrantzitsua, bertsoa gure baitan bizitzea eta zaletasuna hedatzea. Milesker bertsozale elkarteari, gurekin lanean aritu diren bertsolariei eta datorren urte arte agian Herri Elkargoak beste gomita bat luzatzen badigu.