Donibaneko mediatekara joan dira 6.ak !!
Azaroaren 22, 24 eta abenduaren 8an, 6.ekoak Donibane Lohizuneko mediatekaren bisitatzera joan dira. Bisita honen helburuak anizkoitzak dira. Alde batetik, Donibaneko mediatekarekin elkar lana indartzea. urte osoan, eskuz esku lan ezberdinak eramatearen egitasmoa sortu dugu. Hau da, bostgarren mailan ikasleek idatz tailerrak ukango dituzte ihauteri garaian, eta haien lanak Donibane barna agertuko dira. Elkarlan hori urtez urte eramatea eta aberastearen agiantza egiten da. Bestaldetik, ateraldi honen bitartez IDZ eta mediatekako euskaraz azken bost urte hauetan argitaratuak izan diren gazte literatur liburuak balioan ezarri nahi ditugu. Eta nola ez, bukatzeko, euskal sailaz arduratzen den Ihintza Dubernet-en ezagutza egitea (ikasle ohia).
Hots, Juul kanpainari hasiera ezin hobeago eskaintzen diogula iduritzen zaigu.
Juul kanpaina zer da ? Irakurle zaletasuna indartzeko kanpaina da. Kolegioan, 6. eta 5. mailan iraganen da. Omiasainduko oporretik landa hasten da eta apirilaren 4an burutzen.
Azarotik otsailera, ikasleek gutxienez hiru liburu irakurriko dituzte. Otsailetik apirilera kanpaina fasean sartuko dira. Arte plastikozko irakaslearen laguntzarei esker, kartel ezin ederragoak proposatuz, haien liburuaren interesa plazaratuko dute. Afitxa horiek IDZ edota mediatekan agertuko dira.
Apirilaren 4ean, ikasleek, boto elektronikoen bitartez bozkatuko dute : ilustratzaile hoberenarentzat baita eleberri hoberenarentzat (idazlea). Nafarroko ikastola elkarteak antolatzen duen ekimena baita eta ikastola guztiei proposatua dena, lehen mailatik lizeo arte : emaitzak hilabete pare baten buruan jasoko dira.
Internet : adi egon !
Azaroaren 14 eta 15ean, "Génération numérique" elkarteko kide bat kolegioko ikasle guztiak ikusi ditu, bi orduko saioetan, interneten ibilmoldea, alde onak eta arriskugarriak aipatzeko.
Agian, horien pratikan ez dira lanjeran emanen, profesional honen aholkuak segituz.
Kontaktuak :
http://asso-generationnumerique.fr/
https://www.facebook.com/assogenerationnumerique/
Txalo bero bat zuri Xumai !!!
Azaroaren 15ean, asteartez, arratsaldeko jolas garaian, kolegioko ikasle, irakasle eta langileak sartze nagusian bildu dira Xumai, haien kirol irakasle-bertsularia omentzeko.
Joan den asteburuan, 2016eko Xilaba txapelketako 6 finalistetatik bat izan da Xumai Murua Berra. Bere lana, emaitza, hitz jokoak eta bertso umoretsuak ala sakonak ohoratzeko, kolegioko bertsu eskolakoek idatzitako 5 bertso eskaini dizkiote, denak beretaz harro !
Bere txandan, Xumaik mikroa hartu du eta bizpahiru bertso zuzenean bota ditu, bere harridura eta poza adierazteko, eta eskertzeko. Denendako momentu biziki hunkigarria izan da.
Udazken eguzki izpien artean, jolas garaia bilakatu da ahantziko ez dugun bertso saio berezi motza baina aberatsa.
Xumai txalokatua izan da merexi zuen bezala ! Txalo Xumai ! Biba zu !
Euskal polboroiak salgai !!!
Gabonetarako euskal polboroiak erosteko gogoa baduzue, gure kolegioak proposatzen dizkizue 15€tan 800 gramoak.
Zuen inguruan mezua pasa, izigarri goxoak baitira !!
Ber momentuan, kolegioko proiektuak finantzatzeko laguntza ematen duzue !!
Balio du !
Manaketak : Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Anje Duhalde kolegioaren alde !
Urtero bezala, Urruñako ikastola eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioaren aldeko kantaldi bat antolatua da azaroaren 27an, igandez, arratsaldeko 4etatik landa.
Kantu nahasketa bat karraskan lantzen ari dira kolegioko ikasle batzu, lehen partean abesteko helburuarekin.
Zuen laguntza eta artisau / entrepresen laguntzari esker, dirua irabazten da bi ikastegietako, proiektuak bultzatzeko eta materiala finantzatzeko.
Aitzinetik milesker parte hartzaile guztiei !
Programa : Txalapartariak + ikastoletako haurrak + Anje DUHALDE arratsaldeko 4etatik landa Urruñako iturbidea polikiroldegian
Txartelak aitzinetik salgai 12€tan eta bertan 15€tan.
Elkartasun ekintza bat gure kolegioan : "opari bat = irriño bat !"
Urtero bezala, azaroaren 26 eta 27an, Baionako Elikadura Bankua elkarteak galkor ez den janari bilketa bat egiten du. Kolegioak parte hartzen du. Familia bakoitzari boltsa bat banatua izan zaio. Nehor ez da behartua. Parte hartuko duten ikasleek betetako boltsa azaroaren 25erako azken epea itzuli beharko dute.
Eguberri hurbiltzen baita, gure etxearen ondoan beharretan diren familiak laguntzen entsaia gaitezen elkartasunez.
Aurtengo beharrak : janari kontserbak, arrain kontserbak, olioa, zopa brikak, fruitu konpotak, niniendako janaria, bixkotxak, txokolota, kafea, irina, azukrea, barazki / fruitu kontserbak, gosaltzekoak.... Pastak eta errizaren beharrik ez aldi hontan...
Aitzinetik milesker parte hartuko duten guztiei !
Kolegioko ikasle arduradunak izendatuak dira !
Bakantzak baino lehen, ikasle arduradunak hautatuak izan dira.
Ondoko astetik goiti, horien funkzioan arituko dira.
Gelako kideen ordezkariak izanez, kezkak, pozak, kolegioko bizia hobetzeko proposamenak eginen dituzte.
Eginen duten lanarendako eskertzen ditugu :
6A : Ndeye Seune Ngom eta Ximun Sansonetti
6B : Maitena Tife, Ibai Lecuona, Uxue Rodriguez
6D : Elaia Berra, Eki Elorza
5A : Gaizka Arrizabalaga, Eneko Susperreguy
5B : Unai Berge Mazet, Ainara Pascal
5D : Oier Alberdi, Amaia Apezetxea, Alain Rey
4A : Manex Perez, Urko Aduriz
4B : Onintza Agirre, Theo Trichereau
4D : Aitzol Gil, Asier Arbelaitz, Yannick Galardi
3A : Haitz Arrarte, Killian Laplace
3B : Haizea Gonzalez, Irati Esparza
Halloween dela eta, mitologiako euskal pertsonaiak aipagai irratian....
Baigorriko egonaldia bukatu delarik, seigarreneko ikasleek haien abentura kondatu dute Urdin Euskal Irratietako Xexili kazetariari...
Lehen elkarrizketa : hemen klikatu
Bigarren elkarrizketa : hemen klikatu
Hirugarren elkarrizketa : laster....
Sexualitatea eta bizi afektiboa aipagai 3.ekoekin...
Omiasainduko oporrak aitzin, sexualitate eta bizi afektiboari buruzko prebentzio saioak antolatuak izan dira 3A eta 3Bko ikasleendako, talde erdika, ARSA elkartea eta Baionako Hospitaleko planingako bi profesionaleei esker.
Bi orduko saio horietan, talde ttikika, egoera desberdinak aztertzeko aukera izan dute, hala nola :
- lehen aldiko harreman sexualen kezkak eta arriskuak
- babestuak ez dire harremanak
Talde handian eztabaidatu dute eta bukaeran, Planingaren aurkezpena eskainia izan zaie : zer den, nun kokatua den, noiz konsultatzen ahal den eta zergaitik.
Donibaneko planinga : 05 59 51 46 64
Ordutegia : Astelehenetan (8.30tik 12.00 arte), asteazkenetan (arratsaldeko 2etatik 6ak arte) eta ostiraletan (8etatik 11.30ak arte).
Basajaunaren bidetik...
Urtero bezala, kolegioko ekipa pedagogikoak euskal mitologiaren inguruko egonaldi bat proposatu du kolegioko seigarrenei. Hiru egunez Baigorriko Oronozia aterpean egon dira euskarazko giro batean murgildurik, elkar hobeki ezagutzeko aukera helburutzat hartuz, ikastola desberdinetatik heldu baitziren (Sara, Senpere, Azkaine, Miarritze, Urruña, Hendaia...).
Urriaren 5ean, asteazken goizean, Mendi Gaiak elkarteak kudeatutako mitologia eta Baigorriri buruzko orientazio lasterketan, talde ttikika eta dinamikoki aritu dira gure seigarrenak, geografia eta gorputz heziketako nozioak berriz landuz. Ondotik, elkarrekin piknika partikatu dute. Arratsaldean, logeletan instalatu dira eta aterpeko ingurumena (belarrezko bi hektareak) deskubritu dute, eta jokoetan aritu : pilota, ping pong, futbola, intxaur bilketa, mahai jokoak... Arratsean, Eleka konpainiako Kattalin eta Jokin ipuin kondalariak eramandako euskal eta afrikako leienda misteriotsuak entzuteko plazerra ukan dute, begiak zurituak egonez.
Biharramunean, urriaren 6an, ostegunez, ongi gosaldu eta, berriz banatu dira taldeka lau tailer desberdinetan parte hartzeko :
Aldudarrak Bideo elkarteko Haitz eta Pantxikarekin, ikasle talde batek audiobisualari buruzko hiztegi teknikoa eskuratu eta, kamera erabili du eta elkarrizketa jokoetan aritzeko parada izan du, profesional horien aholkuak ongi kondutan hartuz, gogotik eta kartsuki.
Beste talde batek P2i elkarteko Paxkal Indok kudeatutako musikagintza tailerrean parte hartu dute, euskal musika tresnak eta perkusio desberdinen inguruan. Tresna guziak erabiltzeko aukera izan dute, harriturik. Ordu bat et'erdi berantago, izugarrizko sinfonia, "batukada" antzekoa, entzun zitekeen nafarroko mendiean artean.
Eñaut artzainari esker, lanaz eta transmisioaz errabiatua, gasna bat nola prestatzen den ikasi dute beste taldeko ikasleek, giro biziki intimo eta sakratu batean.
Azkenik, Mathilde eta Iñaki, kolegioko irakasleek arte plastikoei buruzko tailer bat animatu dute beste ikasleendako. Irudimenez betetako mitologiako munstro bereziak sortzeko aukera izan dute.
Arratsaldea gehiago fisikoa izan da, Baigorriko pilota plazan, ezin nekatuzkoak diren Mendi Gaiak elkarteko Vivi eta Eñautek herri kirolak animatu dituzte, hala nola, arto hazketa eta bilketa, kontrabandisten lasterketa, kapeluaren botatzea edo soka tira adibidez... Ondotik herriaren itzulia egin dute aterpera sartu aitzin. Arratsean "Izaki basatien lurraldea" zinemaldia ukan dute.
Azken egunean, urriaren 7a ostiralez, materiala bildu eta, gibelerako bidean izanez, Senperen gelditu dira, Euskal artista zen Nestor Bazterretxearen "Oroit mina" zizelkadura deskubritzeko eta 1609an iragan den sorginkerien auzia oroitarazteko. Ondotik, ikasleen artean piknika on bat partikatu dute eta Senpereko elizaren gibelean den parkean jolastu dira.
Kolegiora iristean, oroitzapen liburuxka betetzen bukatu dute eta lagun berriekin azken jokoak egin aitzin, denen artean, egonaldiako ahozko bilan biziki baikorra egin dugu.
Bukatzeko, ikasturte hastapen hontan, harreman biziki azkarrak lortu dituztela gure ikasleek egonaldi horri esker ondoriozta dezakegu, motibagarriak ziren aktibitate eta amorratuak ziren animatzaile guziei esker.
Ikasle batzuk eta Aldudarrak Bideo elkarteko teknikarien artean egindako lana : klikatu hemen.