Azaroaren 10ean, ostegunez, kolegioko ekipak lehenen pedagogia eguna zuen bitartean, UDPS64 elkarteari esker, PSC1 lehen sorrospenetako formakuntza eskainia izan zaio hirugarreneko ikasleen lehen taldeari (3A + 3B erdia).
Talde handian, euskarazko teoria entzun dute eta talde ttipitan banaturik, pratika ariketak landu dituzte.
Gai desberdinak aipatuak izan zaizkie : biktimaren babesa, urjentziazko telefono zenbakiak, nola segurtatu telefono dei baten informazio guztiak, itotzearen egoera, hemorragiarena, PLS postura, bihotz masajea, defebrilatorearen tresnaren erabilpena eta beste !
Ikasleak adi egon dira, biziki informazio hartzaile, biziki baikor eta parte hartzaile ! Txalo !
Milesker UDPS64 elkarteko kideei formakuntza horren emateagatik.
Frantziar Hezkunde Nazionalak brebeta eta baxoko azterketak euskaraz egiteari buruzko erabakirik eman ez duenez, azaroaren 14an Bordeleko Hezkuntza Akademian giza katea antolatu du Azterketak Euskaraz kolektiboak.
Ondorioz, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko hirugarreneko ikasleak giza katearen girotzea prestatzen aritu izan dira Omiasainduko oporrak aitzin eta ondotik : banderola prestatu dute, pankarta desberdinak, oihukatuko dituzten lemak ere bai.....
Heldu den astelehenean, kolegioko ekipa, laugarren eta hirugarreneko ikasleak, beste familietako boluntarioak Bordelera joango dira autobusez, seaskako beste kolegio eta lizeoko ikasleak bezala... Bordalen direnak ere komit dira ! Zuek ere gurekin etorri gure hizkuntz eskubideen defenditzeko !
ERANTZUNAK NAHI DITUGU !! AZTERKETAK EUSKARAZ ORAIN !!
Azkenean, orain dela lau urte hasitako eskulana bukatu dute ! Covid-a pasa zaie tartetik, dakigun traba guztiekin.... Denbora pasa da eta aurten, eskuak martxan ezarrita, denen artean lortu dute "lau urtaro" obra bukatzen.... 2000 ponpoi inguru egin behar izan dituzte haien sorkuntza osatzeko, kasik kolore guztiak baliatu dituzte eta nahasketa frango ere, haien biziak ekartzen dizkieten nahasmenak bezala....
Lau sasoiak : 1000 kolore eta hainbeste sentimendu eta bizipenak, gure nerabeek kolegio honetan bizi eta gainditzen dituzten etapak bezala, egunero heldutzeko eta aintzinera joateko ! Hor dugu orain begipean esku ainitzek egindako obra, begiak goxatzeko eta etorriko den negua apaintzeko....
Milesker parte hartu duten guztiei, eta lan honi esker pasa dituzten momentu atsegin guztiei.
Aupa esku lanak ! Txalo bero bat haien maisua izan den Iolandari ! Segi dezagun gure kolegioa biziarazten eskuz esku !
Urriaren 14ean, ostiral goizez, Angeluko Cantau lizeoak bere ikastetxearen ondoan duen "Les coulisses du bâtiment" ekimenean gomitatu gaitu. Bertan, gure hirugarren eta laugarreneko 41 ikasle, Baionako Jean-Dauger xantierren ikustera joan dira.
Lehen partean, ikasleek xantierren presentaketa bat segitu dute eta gero lehen xantierrera joan dira, Baionako herriko etxearena, publikoaren artatzeko balioko duena besteak beste. Hor lanbide ezberdinei buruzko informazioak emanak izan zaizkie. Gazte enplegatu batzuen lekukotasunak entzunez. Momentu hau interesgarria izan da aprendizgoaren eta ikasketa profesionalaren arteko ezberdintasuna ikusteko.
Bigarren partean "Aviron Bayonnais" elkartearen xantierrera joan dira eta bertan aprendizgo formakuntza azaldua izan zaie. Bukatzeko jokalari batzuk ikusi ahal izan dituzte entrenatzen.
Seigarreneko ikasleek ADOENIA zerbitzuaren ezagutza egiteko parada ukan dute urrian zehar.
Talde ttipi bakoitzak ordu bateko saio bat ukan du, aldioro bi hezitzaileekin eta bi gaien inguruan : Errespetua eta bortizkeria.
Hezitzaileekin pundua egiterakoan, ikasleen parte hartze dinamikoa eta izan duten trukaketaren kalitatea azpimarratua izan da. Ikasleek haien bizipenak eta kezkak azaldu dituzte.
Egunerotasunean bizitzen dituzten egoera bortitzak aipatu dituzte ; ukan dituzten aholkuak erabiltzeko aukera izango dute orain, egoera horiek ahal bezain ongi gainditzeko helburuarekin.
Edozoin arazoa gertatzen delarik, kolegioan ikasleengandik hurbil - hurbil ari diren profesionalak oroitaraziak izan zaizkie ere bai : zurkaitza, irakasle arduraduna, hezitzaileak, Solasgunea eta beste...
Kolegioan, Adoenia bezalako egiturei harrera egitea garrantzitsua da eta urtean zehar, beste saio baten antolatzea saiatuko dira.
"Adoenia, nerabeen etxea" zerbitzua aurkeztua izan zaie : gazteak eta familiak laguntzeko helburua duen egitura, Hendaia - Donibane Lohizune, Kanbo, Baiona eta hainbat herritan permanentziak dituena.
Xehetasun gehiago : www.adoenia.fr / Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. / 05 59 64 22 52.
Milesker Adoenia egituraren ekipa guziari !
Aurten ere, hirugarreneko ikasleek sexualitateari buruzko prebentzio tailerra ukan dute Baionako ospitaleko "Centre de Planification" taldearen eskutik, urrian zehar.
Sei egun erdiz, talde erdika, iragan diren tailer horiei esker, gazteek informazioa lortzeko parada ukan dute, baita ere gai horri buruz dituzten galdera guztiak pausatzeko.
Talde honen profesionalen erranetan, gogotsu parte hartu dute ikasleek ; galderak pausatu eta solasaldi interesgarriak ukan dituzte. Besteak beste eritasunak, kontrazepzioa, babestea, errespetua, homosexualitatea eta bisexualitatea bezalako gaiak izan dituzte hizpide.
Urtero bezala, "Centre de Planification"-ek eskainitako preserbatiboak bizi eskolarran eskuragarriak dira.
Esperientzia errepikatzekoa da. Tailer hauek bestalde osatzen dute biologia ikasgaian ikustekoak diren gaiak.
Urriaren 7an, ostiralez, udazkeneko eguzkiarekin batera, kolegioko seigarrenak Sarako “Ikusi Mikusi” haur eta gazteendako liburu azokara joan dira. Sarako karrikak liburuz apainduak ziren eta gure ikasleak haien artean pasa dira giroan murgiltzeko… Xoko desberdinetan, Baionako Etxepare Lizeoko pro sailako ikasleek digute harrera eman eta gidatu.
"Gu eta gure xaharrak " gaia segituz, gela bakoitzak aitzinetik obra kolektibo bat sortu zuen bertan ikasleek haien inguruko xahar baten argazkia agertaraziz eta gai honekin lotzen zituzten hitzak kolatuz: maitasuna, janari ona, opariak, trasmisioa, ibilaldiak...
Talde handia bitan banaturik, batek topaketa egin du Yolanda Arrieta idazlearekin, aitzinetik gelan prestatutako galderak eginez, Orioko ikastolarekin batera. Ta besteak "Gure xaharrak" antzerkia ikusten egon dira.
Pilota plazan bazkaldu eta, talde bat joan da Amets Arzallusengana, bertan Kanaldudek grabatzen zuen elkarrizketa batean parte hartu dute, gelan prestatutako galderak erranez, beste eskoletako haurrekin batera..
Bi taldeek azokatren bisita egiteko aukera ukan dute eta haien oroitzapena erosteko parada eskainia izan zaitzien 15€ko bonoari esker….
Ahantezinezko irakurketaren inguruko jolas eguna bikaina ! Txalo bat antolatzaile guztiei eta milesker !
Urtero bezala, kolegioko ekipa pedagogikoak urte hastapeneko egonaldi bat proposatu du kolegioko 86 seigarreneko ikasleei. Irailaren 28tik 30era, Orioko Txurruka aterpean egon dira euskarazko giro batean murgildurik, elkar hobeki ezagutzeko helburua hartuz, ikastola desberdinetatik heldu baitira (Donibane Lohizune, Azkaine, Bidarte, Hendaia, Urruña...).
Irailaren 28an, asteazkenez, txirrina jotzean, maletak elkartuz, deia egin ondoren, seigarreneko ikasleek Zestoako bidea hartu dute. Bertan, Ekainberri leizeetara hurbilduz, tailer-gelara sartu dira batzuk, garai hartako margolaritza edota sua nola egiten den ikasteko, ondotik ehiztari ttipiak bilakatuz, arkuaren erabilpena eta lantza botatzearen ariketa eginez. Azkenik, leizeetako arroketan agertzen diren margoak, bereziki zaldiak, hurbiletik aztertu dituzte. Taldearen beste parteak, Zestoako herria bisitatzeko aukera ukan du bertako polikiroldegian jolastuz eta bazkalduz. Ondotik aktibitatea trukatu dute. Arratsaldeko 3tan, Orioko Txurruka aterpera sartu eta logelaka instalatu dira haien lagun berriekin, kirol eremu zabalean jokoetan aritu edota lehen gaubeila prestatuz.
Biharamunean, irailaren 29an, ostegunez, Oriotik Zarautzera oinez joan behar ziren "Zarauz'express" joko pista egitera baina eguraldia euritsua izanez, aterpean egon dira 7 tailer antolatuz eta ikasleek 3 “nahieran” hautatuz : mahai jokoak, arte lanak (orri markak), eskuetan zuten liburuxka betez, ping pong eta pilota lehiaketak, euskal dantza iniziazioa….etabar…
Elgarrekin bazkaldu eta, teniza pare on bat ezarri dute Orioko hirira oinez joan dira. Portuaren bazterrean, kultur ibilaldi bat egin dute eta bertako monumentuak eta pertsona famatuen ezagutzeko : Jorge Oteiza, Benito Lertxundi, Endaia etxea, Orioko arraun klubaren logoa... Ondotik aterpera itzuli dira denbora librean jolastatzeko, dutxa hartzeko, gaubeila prestatzeko eta afaltzeko.
Azken egunean, irailaren 30ean, ostiralez, materiala bildu eta, Donostiara joan dira Tabakalera Kultur Zentroa bisitatzeko eta Christina Enea parkean piknikatzeko, bertan landare eta animaleak aztertu dituzte bi taldetan banaturik.
Egonaldi guztian, oroitzapen liburuxka bat betetzen aritu izan dira. Arratsaldeko 4ak alde, kolegiora iritsi dira.
Bukatzeko, gure ikasleek ikasturte hastapen honetan, harreman biziki azkarrak lortu dituztela egonaldi honi esker ondoriozta dezakegu, motibagarriak ziren aktibitate eta amorratuak ziren animatzaile guziei esker. Esker bereziak ematen dizkiogu Martta, gure erizain laguntzaile gisakoari !!
Irailan hasi baldin bada kolegioa, eguerdiko aktibitateak ere hasi dira !
Egunero, jan aitzin eta ondotik, aktibitateetan parte hartzeko aukera proposatua zaie :
- Astelehen eta ostegunetan Iolandarekin esku lanak egiten dituzte : Covid garaian hasitako artilezko obra segitzen ari dira, omiasainduko oporretako bukatu nahian ; ber garaian, euskara gaiari lotutako kuadro tindaketa bat aitzinatzeko aukera hartu dute seigarreneko ikasleek
- Astearte eta ostiraletan Maritxurekin mahai jokoetan aritzeko parada dute : Monopoly, Sudoku, Gizotxo, Uno, Mus kartak, Nor da nor ?, Ximinoen arbola, itsas borroka, Lakoin begia, Ber 4... eta besteak
Tailer horietan nahi duten ikasleek parte hartzen dute eta giro euskaldun batean beste lagunak ezagutzeko parada dute !
Tailer arrakastatsuak dira eta umore onean elgarrekin jolasten eta euskaraz bizitzen dira ikasleak ! Txalo !