Azaroaren 12an, ostiralez, kolegioko ekipak pedagogi eguna zuen bitartean, UDPS64 elkarteari esker, PSC1 lehen sorrospenetako formakuntza eskainia izan zaio hirugarreneko ikasleen talde erdiari. Urtarrilaren 3an, ondoko pedagogi egunean, bigarren taldeari eskainia izanen zaio ere bai.
Talde handian, euskarazko teoria entzun dute eta talde ttikitan banaturik, pratika ariketak landu dituzte.
Gai desberdinak aipatuak izan zaizkie : biktimaren babesa, urjentziazko telefono zenbakiak, nola segurtatu telefono dei baten informazio guztiak, itotzearen egoera, hemorragiarena, PLS postura, bihotz masajea, defebrilatorearen tresnaren erabilpena eta beste !
Ikasleak adi egon dira, biziki informazio hartzaile, biziki baikor eta parte hartzaile ! Txalo !
Milesker UDPS64 elkarteko kideei formauntza horren emateagatik.
Urriaren 18 eta 19an, seigarreneko ikasleak Ziburuko inguruak aztertzeko, lehenik Ziburuko oihantxora igo dira eta bertan landare bilduma bat eraikitzeko 8 hosto bildu dituzte bakoitzak : huntza, iratzea, sasi akazia, gaztaindondoa, lizarra, haritza eta hirusta.
Geroxeago, kostaldera abiatu dira, han marea behera baliatuz, arroketan bizi diren animalia ezberdinak bildu dituzte hala nola karramarro ermitarioa, anemona, itsas luzokerra...
Ikasleak ohartu dira bizidunak inguruko ezaugarri fisikoei lotutako bizi baldintzak zituztela. Ohartu dira ere, irakasleek erranik urtero, animalia gutxiago atzematen zela eta zuzenki ondorioztatu dute kutsadura eta oinezko arrantzarengatik gertatzen zela.
Goiza bukatzeko, elgarrekin Untxin parkean piknikatu dute, lana bukatu eta jostatu dira, arratsaldeko kurtsoak aitzin !
Urriaren 15ean, ostiral goizez, Angeluko Cantau lizeoak bere ikastetxearen ondoan duen "Les coulisses du bâtiment" ekimenean gomitatu gaitu. Bertan, gure hirugarren eta laugarreneko 31 ikasle joan dira xantier baten ikustera.
Lehen partean, tailerretan, lan horien inguruan diren formakuntzen eskaintzak aipatzeko momentua izan da. Gazte enplegatu batzuen lekukotasunak entzunez. Momentu hau interesgarria izan da aprendizgoaren eta ikasketa profesionalaren arteko ezberdintasuna ikusteko.
Bigarren partean berriz, Obren kudeatzaileak xantierraren bisita eginarazi digu. Harekin ikasleak proiektua zein den ikusi dute eta lanbide batzuk ere aipatu. Hain zuzen ere, bere lanbidea eta garabide gidariarena.
Seigarreneko ikasleek ADOENIA zerbitzuaren ezagutza egiteko parada ukan dute urrian zehar.
Talde ttipi bakoitzak ordu bateko saio bat ukan du, aldioro bi hezitzaileekin eta bi gaien inguruan : Errespetua eta bortizkeria.
Hezitzaileekin pundua egiterakoan, ikasleen parte hartze dinamikoa eta izan duten trukaketaren kalitatea azpimarratua izan da. Ikasleek haien bizipenak eta kezkak azaldu dituzte.
Egunerotasunean bizitzen dituzten egoera bortitzak aipatu dituzte ; ukan dituzten aholkuak erabiltzeko aukera izango dute orain, egoera horiek ahal bezain ongi gainditzeko helburuarekin.
Edozoin arazoa gertatzen delarik, kolegioan ikasleengandik hurbil - hurbil ari diren profesionalak oroitaraziak izan zaizkie ere bai : zurkaitza, irakasle arduraduna, hezitzaileak, Solasgunea eta beste...
Kolegioan, Adoenia bezalako egiturei harrera egitea garrantzitsua da eta urtean zehar, beste saio baten antolatzea saiatuko dira.
"Adoenia, nerabeen etxea" zerbitzua aurkeztua izan zaie : gazteak eta familiak laguntzeko helburua duen egitura, Hendaia - Donibane Lohizune, Kanbo, Baiona eta hainbat herritan permanentziak dituena.
Xehetasun gehiago : www.adoenia.fr / Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. / 05 59 64 22 52.
Milesker Adoenia egituraren ekipa guziari !
Aurten ere, hirugarreneko ikasleek sexualitateari buruzko prebentzio tailerra ukan dute Planning Familial elkartearen eskutik.
Sei egun erdiz, talde erdika, iragan diren tailer horiei esker, gazteek informazioa lortzeko parada ukan dute, baita ere gai horri buruz dituzten galdera guztiak pausatzeko.
Planning Familialeko profesionalen erranetan, gogotsu parte hartu dute ikasleek ; galderak pausatu eta solasaldi interesgarriak ukan dituzte. Besteak beste eritasunak, kontrazepzioa, babestea, errespetua, homosexualitatea eta bisexualitatea bezalako gaiak izan dituzte hizpide.
Esperientzia errepikatzekoa da. Tailer hauek bestalde osatzen dute biologia ikasgaian ikustekoak diren gaiak.
Urtero bezala, kolegioko ekipa pedagogikoak euskal mitologiaren inguruko egonaldi bat proposatu du kolegioko seigarrenei. Hiru egunez Baigorriko Oronozia aterpean egon dira euskarazko giro batean murgildurik, elkar hobeki ezagutzeko aukera helburutzat hartuz, ikastola desberdinetatik heldu baitira (Sara, Senpere, Azkaine, Hendaia, Donibane Lohizune, Urruña...).
Urriaren 6an, asteazken goizean, talde osoa kolegiotik abiatu da autobusez. Hamarrak alde iritsi eta, bertako legedia aipatua izan zaie, biharramuneko izen emaiteak antolatu, logeletan instalatu, joko batzuk egin (pilota, futbola, ping pong...) eta piknika partekatu dute ! Arratsaldean, eguzki izpien artean, Mendi Gaiak elkarteak kudeatutako Baigorriko fauna eta florari buruzko orientazio lasterketan parte hartu dute, geografia eta gorputz heziketako nozioak landuz, aterpeko bazterrak deskubrituz. Anartean, beste taldea karrikako artean trebatu da, matematikako nozioak lurrean igeltsuei esker landuz ! Egiazko artistak agertu dira !! Ondotik, dutxatu dira, afaldu dute eta gaubeila gelan elkartu dira. Bertan bi musikari instalatuak ziren kantu'gaubeila animatzeko ! Kantu liburuxka bat eskuetan izanik, ikasleak ozenki aritu dira euskal kantuak abesten : "aberriaren mugak", "loretxoa", "behin betiko", "Arrosako zolan", "Ziburutik Sarara", "Ilargia", "aldapan gora"...eta beste "Guk euskaraz" kantuarekin bukatzeko !
Biharramunean, urriaren 7an, ostegunez, ongi gosaldu eta, berriz banatu dira bost tailer desberdinetan : txalaparta ikastaroa, oihanean bizi diren insektuen azterketa, gasnagintza, biziraupen aterpea eta azkenik zuhaitzetan antolatutako ibilbidea. Ikasle bakoitzak bi tailer egiten ahal zituen goizean zehar ! Eguerditan, kanpoko mahainetan instalaturik, Oronozia aterpeko bazkari goxoa ukan dute : oilaskoa eta patata fritak ! Mairuren uretebetzea ospatuz, desertan izandako txokolatezko bixkotxa partekatuz ! Arratsaldeko biak aldera, talde handiak Baigorriko hiriko bidea hartu du bi aktibitateendako : Alde batetik, pilota plazan herri kirolak, joko tradizionaletan parte hartu dute : arto landatzea eta bilketa, kontrabandisten lasterketa, soka tira... Bestalde, haien HG irakaslearen azalpenekin, Biagorriko erromatar zubia, Etxauz gaztelua eta eliza deskubritu dituzte. Ondotik, berriz aterpera igo dira denak, krakada egiteko, jokoetan segitzeko, dutxatzeko eta afaltzeko. Bigarren gaubeila iragan da jokoen inguruan : mahai joko desberdinak, labirintoak, hizki jokoak eta mandalak !
Biharramunean, ongi gosaldu eta maletak elkartu eta, Baigorritik Sarara joan da talde guztia. han Ikusi Mikusi haur eta gazteen literaturari lotutako liburu azokan ibili dira gure ikasleak ! Bertako liburu erakusketan ikasle batzuk euskarazko liburuak erosi dituzte. Eguerditan, Pantxix Bidartek animatutako Odisea emanaldia ikusi dute. Azkenik Sarako itzulia egin dute : uda honetan XabXab / Ez Kexa frezka landuz, Gernikako obra ere bai eta galtzadetan ibiliz eta HG irakaslearen azalpenak entzunez.
Egunero, banatua izan zaien oroitzapen liburuxka haien notak gehitu dituzte.
Ikasturte hastapen honetan eta egonaldi honi esker, harreman biziki azkarrak lortu dituztela gure ikasleek espero dugu.
Urriaren 5ean, asteartez, Hélène Charriton, AldaZiako (Aldatzeko hazia) sortzailea, hirugarreneko ikasleei bere lanbidea aurkeztera etorri da. Eta halaber, Nahiera egunean, abenduaren 3an, Peio Goicoechearekin animatuko duten tailerraren aitzin gasta ematea.
Bi aditu hauek, orientazio profesionala lantzen dute gazte eta helduekin. Haien konzeptua da gorputzak anitz duela kontatzeko gure trebetasun, gustoeri buruz. Jakiteko zer nahi dugun egin norberak bere burua ongi ezagutu behar duenez, ariketa batzuk proposatuko dituzte nahienter.
Irailaren 28an, asteartean, kurtsoak bukatu eta, hirurogoi ikasle baino gehiago kolegioan egon dira, tale experientzia bat bizitzeko, Urruñako Itsas Mendi zinemaldi gaualdian parte hartzeko.
Krakada baten ondotik, ordu bateko estudioa egin dute eta otobusa hartu dute zinemako bidean.
Bertan, afari hotza partekatu dute haien artean..... Mementu batez, sorpresa polit bat ukan dute... Filmako dantzari bat haien artean pasa da ! Vinii Revlon, Vinii voguing-en leienda !
Abantxu bi orduz, Philippe Béziat egindako "Les Indes Galantes" filma dokumentala begiratzen adi egon dira zinegelan ziren 75 ikasleak.
Hona hemen sinopsia : "Hip-hop, krump, break, popping, yoguing.... 30 dantzariendako lehenbiziko aldia da.... Lehen aldia Clement Cogitore den taula zuzendaria, Bintou Dembele den koregrafoa eta orkestra zuzendari argentinarra den Leonardo Garcia Alcarconendako; Lehen aldia ere bai Pariseko Operarendako. Hiriko dantza, kantu lirikoa eta musika klasikoa hizketatuz, Jean-Philippe Rameauren Les Indes Galantes goi-obra elgarrekin berriz asmatzen dute. Entsaioetatik publikoaren aitzineko agerraldietara, gizatiar abentura bat da eta jokoan den desafio politikoaren topaketa segitzen dugu : gaur egun, belaunaldi berri bateko artistek Bastilla hartzen ahalko lukete ?"
Dokumentala ondotik, ikasleek elkarrizketa batean parte hartu dute artistarekin, giro izigarri atsegin batean. Galdera ainitz pausatu dizkiote eta dantzariak erantzun diete, suhartasunez beterik. Gaualdia ongi bukatzeko, Viniik koregrafia bat erakatsi die denen artean amaitzeko.
Milesker Viniiri, milesker Urruñako Itsas Mendi zinemako ekipari mementu kultural aberats honendako.
Irailaren 21ean, asteartez, arratseko 7etan, burasoen bilkurara etortzeko komita ukan dute kolegioko familiek.
Lehen parte batean, harrera hitza kanpoko eremuan emana izan da.
Zuzendaria den Iñaki Lecuonak du hasi, azpimarratuz kolegioko makina denen esku dela, ikasleak, irakasleak eta burasoak. Egoera berezi batean egiten dugula aurtengo sartzea oraindik, Hezkunde Nazionalak emandako betebeharrak errespetatuz. Bestalde, aurten ere bai, euskararen alde borrokatu beharko garela ere bai, gure haurrek haien azterketak euskaraz pasa ditzaten.
Ondotik, lehendakaria den Iurgi Arrizabalagak hartu du segida : nahiz eta izen batzuk gehitu diren burasoen komisioetan oraindik eskas dela burasoen parte hartzea bulegoan eta komisio batzuetan.
Gero, Hezkuntz Aholkularia den Elena Dufauk nerabetasunezko egoerak laguntzeko kolegioko bizi eskolarra hor dela gehitu du, sare sozialen eraginari kasu eman behar dela gehituz, ondorioak kolegioan baitira gehienetan bizitzen. Adoenia zentroko Cedric Samperrek mikroa hartu du ere bai, Baionako hospitaleko urririk den zerbitzu honen aurkezpena egiteko : familien laguntzeko hor direla ere bai.
Bukatzeko, familiak geletara joan dira haien haurraren irakasle arduradunarekin batera aurtengo ikasturteko helburuak eta ibilmoldea ulertzeko, baita ere buraso arduradunen hautaketa egiteko.
Irailaren 3an, ostiralez, txirrina jo duelarik, 342 ikasleak kanpoko eremuan ziren.
Alde batetik, seigarreneko ikasleak haien kurtsoetara joan dira.
Bestalde, besteek, bost, lau eta hirugarrenek haien sartzea egin dute.
Zuzendaria den Iñaki Lecuonaren hitzaren ondotik, irakasle arduradunek haien ikasleak deitu dituzte. Bi orduz, harekin egon dira aurtengo plangintza ulertzeko. Beste orduetan, lanean berehala hasi dira.
Giro onean eta eguzkipean iragan dira jolas garaiak !
Kolegioa betea da ! Sartze on deneri ! Bihar asteburuan izango dira !