Giza katea ederra Baionan !
Otsailaren 4an, ostiralez, kolegioko 4 autobus abiatu ziren Baionako bidea hartuz ! Bertan, Saint Esprit zubiaren gainean lotu ziren kolegioko 280 ikasle, irakasle eta langileak, Seaskako beste ikastegiei giza kate ederra lortzeko tren geltokitik Suprefeturaino.
Txalo bero bat parte hartzaile guztiei !!! Katea lotua izan da Seaskako lizeoa eta lau kolegioen artean ! bertan ziren sustengatzaileak eta familiak ere eskertzekoak dira !
Kolorea eta arrabotsaren bitartez, gure eskubidearen eskaeraren nahia ozenki agertu Desafioa lortua !
Garaia da ! Azterketak euskaraz orain !
"Ai zer bordela Baionan, ikastolak.... utzi bakean lehen baitlehen" !
"Ce qu'il nous faut" antzerkia
Otsailaren 1ean, asteartez, jan ondotik, 4A eta 4Eko ikasleak Senpereko Larreko kultur antzokira joan dira "Ce qu'il nous faut" antzerkia ikustera. Elekroakustikoa eta poesiz betetako emanaldi hori 2021eko azaroaren 30ean sortua izan da Pierre Badaroux eta Sarah Auvray-rengandik.
Aurten, "Deserria"ren gaia landuko dutenez laugarrenekin, antzerki honek bere interesa bazuen, batez ere emanaldiaren mementuan entzun lekukotasunei esker eta urte bukaeran eginen duten sorkuntzari begira (soinu banda bat, antzerki idazketa...).
"Bistan da airea eta ura behar ditugula ; baina zer gehiago behar da bizirik irauteko eta nor bere baitan ontsa sentitzeko ?"
"Ce qu"il nous faut" 'behar duguna) iuskizunak zenbait erantzun ematen ditu. Zuzeneko irrati emankizun baten itxura duen ikuskizunean, zenbait lekukotaun entzuten dira, testu batek lekukotasun horiek bata besteari lotzen ditu eta gaurkotasunarekin eta ezinbestekoa den musikarekin lotutako ikuspegiak zabaltzen ditu......
Pierre Badaroux eta Sarah Auvrayk, binaka, hainbat ikuspegi ezagutaratzen dizkigute.
Mementu biziki ederra pasa dute denek elgarrekin.
Giza katea prestatzen ari....
Beste behin ere, euskarari eta beste mintzaira gutxituei dagozkien hizkuntza eskubideak zapalduak dira. Urtarrilaren 25ean, Seaskak prentsaurrekoan azpimarratua izan den moduan, Frantziar Hezkuntza ministerioak zabaldutako azken zirkularrak ez du azterketak euskaraz pasatzeko aukera bermatzen. Izan ere, eskubide hori aplikatzea Bordaleko akademiako Errektore andereareikin eskuetan uzten du eta azken honek ez du zirkular hori "gu bezala interpretatzen". Ondorioz, euskararen presentzia azterketa ofizialetan zalantzan emana da ! Euskara erabat bazertzen da ! 30 urteko atzera pausu izugarri eta onartezina da !
Berriz mobilizatu behar dugu gure indarra erakusteko gure hizkuntza eskubideak errespeta arazteko. Horregatik, otsailaren 4an, ostiralez, Seaskak mobilizazio handia antolatzen du Baionan.
Horren karietara, kolegioko ikasleak hasi dira banderolak prestatzen haien bazkaltzeko denboraldian. Txalo gure 4. eta 3.eko artistei !!!
HIZKUNTZA ESKUBIDEEN ALDE, DENAK BAIONARA, DENAK ELGARREKIN !
Aita Mari itsasontziarekin zuzenean !
Urtarrilaren 31an, astelehenean azken orduan, laugarrenekoen programan sartzen den "Migranteen mundu bat" gaiaren kari, Aita Mari itsasontziko taldearekin harremanetan sartu dira eta bideo dei bat antolatu dute beraiekin.
Antolaketa errexteko, bisio konferentzian parte hartuko zutenek ber gelan ezarri dira eta beste laugarren guztiak beste bi geletan, baina denak sarean.
Aita Marik, 2017tik goiti, Mediterraneo erdialdeko egoera tragikoa ikusirik, itsas erreskate misioak egiten hastea erabaki zuen.
Gelan munduko migrazio ezberdinak zein diren landu ondotik, Mediterraneoa zeharkatzen saiatzen diren pertsonei interesatu dira.
Ikasleek hainbat galdera prestatu zituzten eta bideo dei honetan izan den eztabaidak erantzunak ukatea ahalbidetu du.
Eskertzen ditugu Aita Mariko kideak beraien esperientzia gurekin partekatzeagatik eta mundu hobe bat posible dela sinesteagatik.
Nola ez eskertu ikasleak, erakutsi duten interesa eta sentsibilitateagatik, baita ere kolegioko ekipa, ekintza honetan laguntzeagatik.
Elur ateraldia 4. eta 3.endako !
Aurtengo ikasturtean, bi urtez ezin egin izan duten ateraldia berreskuratua izan da.
Urtarrilaren 22an, larunbatez, 3. eta 4.eko ikasleekin Ski ateraldia burutu zuen kolegioko Olagarroa kirol elkarteak, Candanchun.
Goiz esnatu behar izan zuten denek, baina egunak merezi izan zuen, argitu ahala ikusi zuten egun bikaina zutela aurretik.
Goizeko 6:00tan abiatuz, 9:00ak alde mendi txurietara iritsi ziren. Bertan taldeetan ezarri, materiala hartu eta pistetara ! Eguerditan pausa bat egin zuten elgarrekin piknikatzeko eta berriz pistetara, arratsaldeko 5ak arte gutti gora behera. Arratseko 7:30ak inguru, etxeetara sartu ziren.
Eguraldia lagun eta elurra goxo izanik, gozatu ederra hartu zuten parte hartzaile guztiek : 40 ikasle eta 9 heldu, haien mailaren araberean, talde ttipitan banaturik.
Mila esker ateraldian parte hartu duten ikasle guztiei eta nola ez, ateraldia egin dadin laguntza eman duten langile eta laguntzaile guztiei !
Aupa Piarres Larzabal kolegioko skiatzaileak !
"Beti iparralderantz" - Jon Arretxe kolegioan !
Jon Arretxe, bizkaitar idazlea, urtarrilaren 20an, ostegunean, ikastetxera etorri da. Gure bosgarren mailako ikasleak ezagutu ditu, beren euskarako irakaslearekin irakurri dute idazlearen : "Beti Iparralderantz" eleberria.
Liburu gehienak idazten ditu helduentzat eta garai hauetan polizialak bereziki. Baina hiru eleberri argitaratu ditu haur eta gazte literaturentzat.
Diaporama baten laguntzaz, bere bidaiek inspirazioa nola elikatzen duten erakutsi die, eta maiz bidaietan egin dituen topaketek bere asmakizunetako pertsonaien oinarrian direla ere azaldu die.
Izan ere, bidaiek idazle izatera eraman dezakete. Berak esperimentatu duena da.
Bere nerabezaroan ez zen irakurle handi izan, eta batez ere, ez zuen uste egunen batean bere liburuak hainbat hizkuntzatara itzulitako idazle bihurtuko zenik.
Ikasleak parte hartzaile onak eta entzumen handikoak izan direla azpimarratzekoa da.
Milesker Joni !
MU.e antzerkia 3A + 3B + 3D + 4B + 4D ikasleendako
Urtarrilaren 18an, astelehenez, eguerdiko bazkaria ondotik, hirugarreneko ikasleak baita ere 4B - 4Dkoak otobusa hartu dute Senpereko Larreko kultur antzokiraino, "MU.e" antzerkia ikustera joateko, Le Petit Théâtre de Pain konpainiak emanik.
"Desagertzen dira. Eta hitz egiten hasi garenetik, zenbat gehiago desagertu dira ?
MU.e ihesaldi biral eta masibo baten istorioa da, etorkizuneko gizarte batean gertatzen den gazteen eskapaldiaren istorioa. Fikzioaren baitako fikzioa da ere, eta kontuak eskatzen dizkio errealitateari. Baina, zein errealitateri ?
Zure aitzinean jokatuko dugun antzezlanaren errealitaterari ala egiazki denek bizi dugun errealitateari ?
Beldurrak eta ametsak lotzen dituzte ikuskizuneko hiru espazio-denborek ; gure munduarekiko mesfidantza sortzen dute, eta aldaketa nahia pizten dute ere."
Laugarrenean lantzen den erbestia gaiaren inguruko ekarpen bat ukan dutela ikasleek ikusgarri honekin segur da.
Bukatzeko, urtarrilaren 25ean, antzerkilari batekin topaketak egiteko aukera ukan zuten hirugarreneko ikasleek. Prestatu zituzten galderei, erantzunak eta azalpenak emanak izan zaizkie.
Ikusgarria bizia izan da baina konplexua.
Otobus prebentzioa seigarrenendako !
Urtarrilaren 20an, ostegun goizez, Gourmelon andereak Hegobus garraio elkargoko arduradunak hitza hartu du ordu bat et'erdiz 6D - 6Ekoei lehen txandan eta ondotik 6A - 6Bkoei. Kolegioko IDZtan elkarturik, autobus prebentzioari buruzko helburuak orroitarazi ditu : informatu, alerta eman eta gogoetarazi.
Lehenik, inskribatuen kopurua eman die, zenbat zerbitzu eskolarrak dauden eta zenbat ibilgailu egunero ezarriak diren : autokarrak, autobusak eta minibusak. Eskolako garraio izen desberdinak zerrendatu ditu : Le Basque Bondissant, Hegobus, Réunir, ATCRB, Transdev, Citram Pyrénées... Ondotik, autobusa eta autokarraren arteko desberdintasuna azaldu die, autobus batek 150 000€ eta 200 000€ arteko prezioa izanki.
Bigarren parte batean, autobusa etorri aitzin, bertan direlarik eta kolegiora iristean nola portatu behar diren adierazi die (ikaslearen portaera, materialaren errespetua, uhalaren inportantzia eta bereziki 135€ko ixuna ez bada ezarria...° eta kartaren garrantzia eman die. Quizz-bilana batean parte hartu dute saioa borobiltzeko.
Gero, talde guztia kanpoko eremura joan da husketaren ariketa baten egiteko, aholkurik gabe lehenik eta aholkuekin ondotik. Oro har, ikasleek gainditu dute ariketa !
Bukatzeko, azken aholkuak entzun ondoren, Hegobuseko liburuxka bat eta karta ezartzeko telefono akseosrio bat eskainiak izan zaizkie.
Milesker Hegobus Euskal Hirigune garraio sareari azalpen guzti horiendako !
Agian ikasle bakoitzak kondutan hartuko dituela eta bere burua babestuko duela, autobusa errespetatuko eta gidaria agurtzen segituko duela !
Lehen mailetako ikasleak kolegioa bisitatzen !
Urtero bezala, urtarrilan zehar, inguruan ditugun lehen mailetako ikasle berrien bisitak antolatuak izan dira : Urruña, Donibane Lohizune, Ziburu, Hendaia, Senpere eta Azkaineko ikastoletako 5. urtekoak errezibitu ditugu. :
- urtarrilaren 4an, asteartez : Azkaingo ikastola
- urtarrilaren 10ean, astelehenez : Urruña eta Ziburuko ikastola
- urtarrilaren 11an, asteartez : Donibane Lohizuneko ikastola
- urtarrilaren 21ean, ostiralez : Bidarteko ikastola
- urtarrilaren 25ean, asteartez : Hendaiako ikastola
Lehenik, kolegioa aurkezteko filma bat begiratu dute. Ondotik, Hezkuntza Aholkularia den Elena Dufau-Diratchettekin batera, laborategiak, jantegia, kirol gela, eta bulego desberdinetatik pasatuz, kolegioko bisita egin dute.
Azkenik, eskainia izan zaien liburuxka ttipi bati esker, haien galderak eta kezkei erantzun die.
Urtarrilaren 18an, astearte gauez, burasoei ere proposatua izan zitzaien kolegioko bisita eta bilkura.
Ikasturte hori ongi bukatzea eta motibaturik etortzea opatzen diegu !
Hirugarrenak Bilbon egon ziren !
Urtarrilaren 12tik 14era, hirugarreneko ikasleek ateraldia egin dute Bilbon.
Bidia honen helburua, Euskal Herriko hiri garrantzitsu hau kokatzeaz gain, historikoki ekonomian izan duen bilakaera aztertzea izan da, bertako arkitektura eta arte adierazpenak ezagutuz.
Lehen egunean, Getxo eta Portugalete ezagutu zituzten, aro industrialaren aztarnak identifikatzeko. Bi hiri hauek lotzeko Bizkaia Zubia erabili zuten. Arratsaldean, Bilbora joan ziren trenez eta bertan nahi zutenek Azkuna Zentroa bisitatu zuten. Besteek aldiz, Bizkaia pilotalekura bisita bat egin zuten. Arratsaldean, Zazpi Kaleetan elkartu ziren aterpetxera joan aitzin.
Bigarren egunean, Bilboko Arte Ederren museoa bisitatu zuten. Bitartean, delegazio ttipi bat Euskalzaindian errezibitua izan zen Erramun Osa euskaltzaindiako idazkari ordearengandik. Euskaltzaindiako bisita egin zuten eta Azterketak Euskaraz kanpainaren baitan haien atxikimendua erakutsi zieten. Doña Kasilda parkean elkartu ziren eta bertan bazkaldu zuten. Arratsaldean oinez, Ibaiazabal ibaian kokatzen diren garai eta teknika ezberdinetako zubiak aztertu zituzten Bilbo Rock kontzertu aretora heldu arte. Ilunabarrean berriz ere Zazpi Kaleetan ibili ziren itzulino bat egiten.
Azken egunean, San Mames Barria futbol estadioa eta museoa bisitatu zuten. Bilbon bazkaldu eta kolegiorako bidea hartu zuten.