Piarres Larzabal Kolegioa

 

SACoche - Sésamath

EasyScol

Seaska

Ikastolen Elkartea


 

2023 urtearen amaierarekin batera Olagarroa Elkarteko lehen txapelketaren amaierara iritsi gara. 6. eta 5.eko 13 taldek eta 3. eta 4. eko 8 taldek hartu dute parte PINFUVOTE txapelketan.
Hilabetez ligaxkako partidak jokatu ostean lehen 8 sailkatuek final laurdenak, final erdiak eta finala jokatu dituzte azken bi asteetan. 
Parte hartze handia izan da bigarren edizio arrakastatsuan.
Mila esker denei parte hartzeagatik eta epaileei zuen lana zorroztasunez egiteagatik!
Urte berriarekin batera aktibitate gehiago izango dira proposatuak

Azarotik ikasleei proposatua izan zaie 2023ko Eguberriko marrazki lehiaketan parte hartzea.

Maila guzietatik 49 ikasleek izena eman dute eta hilabete bat ukan dute nahi zuten marrazkiaren teknika erabiltzeko baina aurtengo gaia errespetatuz : "Aurten, Olentzerok erabaki du zerbait aldatzea edo hobetzea mundu honetan... Zer ? ?"

Edo xuriz ta beltzez - edo kolorez, edo arkatzez - edo margoz, edo tindatuz.... Izigarrizko marrazki ederrak eskaini dizkigute gure kolegioa apaintzeko..... Denak esposatuak izan dira, 8 epaileek haien bozkak emateko....

Abenduaren 11a arte zuten itzultzeko, eta abenduaren 19an, asteartez, goizeko jolas garaietan, 6/5 eta 4/3 sarien emaitzak antolatua izan dira.

6. / 5.eko mailan : 

- 1. saria : Eheina Ortega (5.)

- 2. saria : Elaia Biscay (5.) + publikoaren saria !

- 3. saria : Hina Fernandez (5.)

- 4. saria : Maitane Iglesias (5.)

- 5. saria : Aiora Urkola (6.)

Beste guztiek 6. saria berdinketan ukan dute !

4. / 3. mailan : 

- 1. saria : Telmo Suarez (3.) + publikoaren saria !

- 2. saria : Imanol Penouilh (4.)

- 3. saria : Patxiku Fagoaga (4.)

- 4. saria : Uxue Perez (4.)

- 5. saria : Ana Chabagno (3.)

Beste guztiek 6. saria berdinketan ukan dute.

Sariztatuak izan direnek Donibaneko Le Select zinema sartzeak, ztiloak, margoak, karnetak, arkatzak eta fluoak ukan dituzte eta parte hartzaile guztiek eguberriko txokolota bat !

Txalo bero bat 49 artistei eta segi marrazten, gozatzen eta plazer hori partekatzen ! Heldu den urte arte !

Azaroaren 9an, "Nesk'à paillettes" elkarteko kideak komitatu genituen kolegiora aurkezpen mintzaldi baten egitera eta ikasle ainitz hurbildu ziren eguerdiko pausa denboran. Honen ondotik, dirua lortzeko ekimen bat antolatzea adostu zuten ikasleek : Gosari salmenta bat goizero lau astez ! Txandaka saltzailearen errola hartuz, etxeko pastizak eginez, gosaltzeko xokolatinak, cookies, bixkotxak, jusak, txokolot'esneak, zerealak eta... proposatzen zituzten kanpoko eremuan ziren lagunei..... Dena euro batean ! Bestalde, ebakuntza ondotik goxatzeko bihotz lumatxak egiteko oihalak eta harizko bobinak bildu dituzte.

Konduak egin eta, berriz "Nesk'à paillettes" elkarteko kideak, Gexan Garate ikasle ohia barne, komitatu ditugu abenduaren 15ean, ostiralez, kanpoko eremuan, bildutako oihalak eta txeke ofizialaren eskaintza egiteko Eguberri aitzin ! Kanpoan ziren ikasleak hurbildu dira baita ere gosari salmentan aritu izan diren ikasleak.

Sorpresa ederra izan da denendako : 1460€-ko txekea eskaini diete ikasleek, dituzten proiektuak finantzatzeko. Bertan ziren lau lagun, harriturik eta poz pozik eskertu dituzte kolegioko gazteak. Eguberri aitzineko elkartasun eta laguntza opari ederra izan da denen laguntzagari esker.

Biba zuek ! Segi ezazue horrela ! eta ez ahantz "Eguberrin hartu aitzin, beharretan direnei pentsatzen eta ematen ikastea" !

Abenduaren 13an, asteazkenez, kolegioko ikasle guztiak Donibane Lohizuneko Le Select zinemara joan ziren, goizez, bi filmen ikustera : 

Seigarren eta bosgarren mailako ikasleak 8:30tan abiatu ziren 2014eko urriaren 8an, Alê Abreuk egindako "Le garçon et le monde" animazio filma deskubritzeko. 

Sinopsia : Haur batek bere herria utzi du aitaren bila joateko, eta mundu fantastiko bat aurkitu du, animale - makina eta izaki arrotzak nagusi dituena. Bidaia liriko eta onirikoa, mundu modernoaren arazoak bikain erakusten dituena.

Ondotik, ikasleak kolegiora itzuli dira goizeko azken kurtsoendako.

 

 

Laugarren eta hirugarren mailetako ikasleei dagokienez, ikastaroko lehen ordua eta gero, 9:15etan abiatu dira 1978ko azaroaren 11an ateraia eta Barbet Schroederen "Koko le gorille qui parle" dokumentala ikustera joan dira.

Sinopsia : Koko, 7 urtetako gorila da. Penny Patterson, psikologian ikaslea, San Franzisko zootik emana izan zaion Kokotaz arduratu da. Ttiki ttikitatik, amerikano mutu-keinu hizkuntza erakutsi dio. Kokok 350 hitz ezagutzen ditu. Gizateriaren amets zaharrenetako bat lortu da : animale batek gizakiarekin hitz egitea.

Ondotik, ikasleak kolegiora itzuli dira goizeko azken kurtsoendako.

 

 

Abenduaren 12an, asteartez,  bosgarreneko ikasleekin Oiartzungo Soinuenea-Herri Musikaren Txokoa bisitatu genuen.

Bisita gidatuan, soinu-tresnen funtzionamenduaz gain, nork, non, noiz eta zein funtziorekin erabili diren jakiteko aukera izan genuen. Ikasleak erakusketaren 400 soinu-tresna horietako batzuk zuzenean entzuteko eta jotzeko aukera izan zuten. 

Bisita hots-jostailuen tailer batekin osatu genuen, kasu honetan burrunarekin. Burruna eraikitzeko egur xafla bat zizelkatu eta apaindu genuen. Ondoren, soka bat lotu eta hau bihurrituz, airean bueltak eman genizkion taulak haizea moztu eta hotsa atera arte. Intentsitate ezberdinarekin eraginez hots grabe eta garaiak lortu genituen. 

Egun bikaina pasa genuen soinu eta musika artean!

Abenduaren 6tik 8ra, hirugarreneko ikasleek ateraldia egin dute Gernika, Bilbo eta Durangora.

Bidaia honen helburu nagusiak ikasleen nahietatik abiatuz, Gernika eta Bilboren historia eta bere garrantzia euskal herriko ekonomian eta garapenean ezagutzea izan dira batetik, eta bestetik, Durangoko historia eta bertan ospatzen den euskal kultur azoka bisitatzea.

Lehen egunean, Bermeora iritsi ginen lehenik kolegiotik, bertan, ikasleek eskatutako Gaztelugatxeren bisita egiteko itsasuntziz. Bermeon piknikatu ondoren, Gernikara hurbildu ginen, bertan Euskal Herria Museoa, Picassoren "Gernika"-ren murala eta Gernikako Arbola bisitatzeko besteak beste.

Bigarren egunean, Bilboko Arte Ederren museoa eta San Mames Athleticen futbol zelaia bisitatu dute. Bisitak amaitzean, denak Doña Kasilda parkean elkartu ginen eta bertan bazkaldu genuen. Arratsaldean, eguraldia ez bazen lagun ere, oinez, Ibaiazabal ibaian kokatzen diren garai eta teknika ezberdinetako zubi eta eraikinak ikusi genituen Zazpi kaleetara heldu arte. Ilunabarrean, Bilboko alde zaharretik ibili ginen. 

Lehen bi egunetan ikasleek zituzten denbora libreak baliatzeko argazki lehiaketa bat proposatua izan zitzaien taldeka, gauean denak elkartu eta argazki irringarriena, taldeko argazki politena eta artistikoena saritzeko gaubela goxo baten bidez.

Azken egunean, Durango eta Durangoko azoka bisitatu ditugu. Bertan piknikatu eta kolegiora sartu gira ondotik.

Abenduaren 3an izan den Euskararen Nazioarteko eguna kari, Ziburuko Piarres Larzabal ikastetxean abenduaren 1ean ostiralez, ospatu dugu.

Egun horretan bereziki, euskarari diogun atxikimendua publikoki adierazi nahi dugu berriz ere.

Gaur egun ipar Euskal Herrian, euskararen lekua ez da oraindik finkoa ez eta ofiziala ere. Urteetan zehar aurrerapausoak egin badira ere, oraindik luzea da bidea. 

Bestalde, aurten Seaskako ikasleei Zientziak euskaraz idaztea onartua izan bazaie ere, sare elebidunetako ikasleek frantsesez erantzun beharko dituzte.

ZAPALKUNTZA LINGUISTIKO HORI AZKARKI SALATU NAHI DUGU. EZ DUGU AMORE EMANGO ! BORROKAN SEGITUKO DUGU IRAKASKUNTZA ETA AZTERKETAK OSOKI EUSKARAZ LORTU ARTE !!!

PLKko Azterketak Euskaraz eta Euskaraz Bizi taldeak

Abenduaren 1ean, ostiral goizez, urteko lehen "Nahiera eguna" deitutako egun berezian parte hartu dute kolegioko ikasleek. 

Mailaka eta talde ttipika ezarriz, ikasleek hautatutako tailerretan ibili dira, 4 orduz.

Hala nola :  

- seigarrenendako : Herriz herri, Euskara jalgi hadi Zokoako adinekoen etxera !, gorputza mugimenduan, erlaxazio ariketak, ahoz diktatuz idatziz lagundu, masa eta bolumenen neurtze tailerra eta bertsularitza

- bosgarrenendako : Herriz herri, Euskara jalgi hadi Zokoako adinekoen etxera !, gorputza mugimenduan, erlaxazio ariketak, ahoz diktatuz idatziz lagundu, gaztelu maketak paperez, ametsetako herria, diktaduratik demokraziara : transizioa Euskal Herrian eta bertsularitza

- laugarrenendako : "Zer da trikitxa ?" hitzaldi musikatua eta dantzatua, Elhuyar zientzia azoka, molekulen dominoa, nire genero identitatea, kantu loto eta ametsetako herria

- hirugarrenendako : "Zer da trikitxa ?" hitzaldi musikatua eta dantzatua, Elhuyar zientzia azoka, zu ere idazle !, diktaduratik demokraziara : transizioa Euskal Herrian eta aire baloina

Eguerditan mailaka piknikatu eta, Euskaraz Bizi taldeak antolatutako animazioan parte hartu dute ikasleek, kolegioko trikitilariei esker dantzan aritu dira.

Nazioarteko euskara eguna igandean erortzen baitzen, arratsaldeko "PLK-n Behin jokoan" parte hartu dute kolegioko ikasle guztiek, jokoa sarean ezarriz.

Gai desberdinei buruzko galderei erantzun behar zuten aski fite, ahal bezain punttuak irabazteko !

Giro izigarri on batean iragan da eta ikasleak euskaraz gozatu dira Euskara Nazioarteko egun horretan !

Gora euskara !

Aurten ere, hirugarreneko ikasleei sexualitateari buruzko prebentzio tailerra antolatua izan zaie Planifikazio Zentroaren eskutik.

Irailan 3Akoei antolatua izan zitzaien bezala, azaroaren 23an eta 30ean, 3B eta 3Dkoekin segitu du....

Talde erdika, iragan diren tailer horiei esker, gazteek informazioa lortzeko parada ukan dute, baita ere gai horri buruz dituzten galdera guztiak pausatzeko.

Planifikazio Zentroko profesionalen erranetan, gogotsu parte hartu dute ikasleek ; galderak pausatu eta solasaldi interesgarriak ukan dituzte. Besteak beste eritasunak, kontrazepzioa, babestea, errespetua, generoa, homosexualitatea eta bisexualitatea bezalako gaiak izan dituzte hizpide.

Esperientzia urtero errepikatzekoa da.

Tailer hauek bestalde osatzen dute biologia ikasgaian ikustekoak diren gaiak.

Azaroaren 9an, ostegunez, abiatu da "elkartasun hilabetea" gure kolegioan "Nesk'à paillettes" elkarteko kideen aurkezpen mintzaldiarekin hasiz. Lehena iragan da 12:50etatik 13:30ak arte kolegioko 6. / 5.endako eta bigarrena, 13:50etik 14:30era, 4. / 3.endako.

Minbiziaz eri direnak eta haien senideak eguneroko bizitza hobekiago bizi dezatela sortu zen elkartea 2021ean, Urruñako Joana Irastorzari esker. Bost lagunek kudeatzen dute gaur egun, Denise eta Maider bolondresak egunero aritzen direlarik.

Gutti gora behera, Frantzian, 350 000 pertsona baino gehiagok dute minbizia urtero eta geroz eta gehiago sendatzen dira. Minbizia desberdinen artean, bularrarena da ezagutuena. Tratamendu desberdinak proposatuak dira : erradioterapia, ximioterapia, ebakuntza, hormoneterapia.... Horien ondorioak dira : unadura, ahulezia, usaiazko bizia segitzeko zailtasuna...

Horregatik, elkarte horretan sensibilizazio egunak antolatzen dituzte, barne "urria arrosa" garaia, eskulan tailerrak, solastatzeko elkartze mementuak, adaptatuak diren kirol aktibitate desberdinak : xi-kong arte marzialak, arrauna, gimnaztika...., reflexologia, akupuntura, ateraldiak, jatetxe mementuak, ibilaldiak. Minbizidunen haurrei etxeko lanetan laguntzea proposatzen diete ere bai.

Elkarte honek hiru ekintza desberdinak antolatzen ditu :

- ileapaindegietan : pertsona batek ile luze mozketa baten eskaintza egin nahi badu, bederen 10 zm-ko ileak lotu behar dira bi punttetan elaztika batekin moztu aitzin ; errekuperatuak diren ile zatiekin ilordeak sortzen dituzte.

- bularreko minbiziaren ebakuntza ondoko mina arintzeko, beso azpian ezartzeko bihotz forma dituzten oihalezko kuxinak josten dituzte, bildutako oihal zati eta harizko bobinei esker. Edozoin tokian aurkitzen dira bilketa kutxak.

- edozoin proiektuak finantzatzeko, diru bilketak antoltzen dituzte salmenta desberdinak eginez (bixkotxak, matamiak..)

Azken parte batean, ikasleekin batera zer egin behar liteken osasun onean izateko zerrendatzen saiatu dira : kirola erregularki egin, elikadura ona segurtatu, ez erre, ez alkoholarik edan, bakoitzak behar lukela bere burua zaindu eta babestu. Bigarren mintzaldian, muttikoendako ez dela aski aipatzen azpimarratua izan da, barrabilen minbizia izaten ahal delarik 14-15 urtetik landa.

Bukatzeko, muntatu duten proiektu berriaren berriak eman dituzte : Konpostelako bidea hartuz 3 eguneko bi egonaldi proposatuak zaizkie minbizidunei : 2 aldiz 10 kide + laguntzaile bat + erizain bat. Baina horren finantzatzeko, dirua xerkatzen dute....

Biharramunean, azaroaren 10ean, izena eman zuten ikasleak bildu dira eta dirua biltzeko kolegioan antolatuko duten ekintza adostu : gosari salmenta goizero, bi jolas garaietan, lau astez. Bildutako dirutza Eguberrirako eskainia izango zaie. Bestalde, proposatzen dute ere bai, harizko bobinak eta oihal zatien bilketa egitea. Kutxa kolegioan da.

Milesker ainitz hurbildu diren ikasle guztiei !! Eta noski intza eta Maiderri mintzaldia euskaraz segurtatzeagatik eta Denise eta Maiderri ere bai !